HILBERRIA. Marian Arregi

Herri kulturaren sustatzailea

JAGOBA MANTEROLA / ARP

Mikel Lizarralde -

2018ko martxoak 6
Denbora bat zeraman gaixo, baina ezustean harrapatu zituen, atzo iluntzean, Marian Arregiren heriotzak bere hurbilekoak eta lankideak. Herri kulturan eta batik bat dantzan aritua, Arregik eta haren senar Juan Antonio Urbeltzek Iruñeko Udalak banatzen duen Txondorra saria jaso zuten Joseba Asiron alkatearen eskutik joan den abenduaren 22an.

Urbeltzekin batera, Argia dantza taldeko sortzaile, kide eta koreografoa izan zen Arregi. Hala, 60ko hamarkadaren erdialdetik, euskal dantzen eta folklorearen ikerketan aritu zen Arregi, eta lan hori Argia-ren dantza ikuskizunetan jaso zuen. Besteak beste, Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axeri Boda eta Axuri Beltza dira urte hauetan guztietan Argiak taularatutako ikuskizunetako batzuk. Arregi, gainera, soinu jotzailea zen, eta Argiako musikariak zuzentzeaz arduratu zen. Haiekin hainbat disko argitaratu zituen. Benito Lertxundirekin ere aritu zen garai batean eta haren hainbat diskotan parte hartu zuen.

Urbeltzen azkeneko lana, Martin Zalakain ikuskizuna, azaroan estreinatu zuten, eta horretan ere parte hartze esanguratsua izan zuen Arregik. Mikel Urbeltzekin batera idatzi zuen ikuskizuneko musika, eta zuzeneko emanaldietan ere soinua jotzen zuen.

2015. urtean, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen Marian Arregik Juan Antonio Urbeltzekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna