Konponbideari begira. HNTren agurra

Harremanetarako Nazioarteko Taldea eskertu du Jean Rene Etxegaraik

Presoen eta biktimen arloan urrats berriak espero ditu Euskal Elkargoko buruak. Sortuk uste du gatazka politikoa ez dela konpondu
Etxegarai eta Currin, atzo, Baionako Herriko Etxean.
Etxegarai eta Currin, atzo, Baionako Herriko Etxean. BOB EDME

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko urriak 18
Alde bateko zein besteko eskerrak entzun ziren, atzo goizean, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak eta HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak egin zuten agerraldian. Ordu bateko bilkura egin zuten Baionako Herriko Etxean; Euskal Herriko gatazkaren konponbideak azken urteetan izan duen bilakaera aztertu zuten kazetarien aitzinean. Etxegarairen eskerrak Brian Currinen taldeari «egindako lanagatik»; Currinen eskerrak Etxegarairi «hasieratik prozesuari erakutsitako babesagatik».

2011tik gaur arte izandako gorabeherak gogora ekarri zituen Etxegaraik: «Ohartzen zarete zer bide egin dugun? Beharrik hor izan zareten». 2014an HNTko kideak Baionako polizia etxera deklaratzera deitu zituztenekoa baliatu zuen Frantziako eta Espainiako Gobernuak kritikatzeko. «Armagabetze aitzineko urteetan isilik egon dira, gizarte zibilarentzat jasanezina zen isiltasun batean. Denek zekiten armak hemen zeudela. Frantziak eta Espainiak parte hartu izan balute, Luhusokoa ez zen gertatuko».

Oroitarazi zuen Frantziak ez zuela trabarik jarri apirilaren 8ko armagabetzerako. Hala ere, Etxegarairen ustez, ezin da erran Frantzia gatazkaren konponbidean sartu denik: «Ate txikitik sartu da; berradiskidetzerako urratsak egitekoak dira oraindik». Presoak eta biktimak aipatu zituen, eta Frantziako Gobernuak bide hori eginen duela espero duela. Urrats berri horietan HNTkoak bidelagun izatea espero du Etxegaraik.

Bilera Sorturekin ere

Arratsaldean Aiete jauregian egindako ekitaldia baino lehen HNTkoak Sortuko zuzendaritzako kideekin ere bildu ziren. Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak haiek «bakearen eta normalizazioaren» alde egin duten lana eskertu zuen, nahiz eta erran zuen ez dituztela helburu guziak lortu, Frantziak eta Espainiak ez dutelako «nazioarteko estandarretan» oinarritutako konponbide prozesu batean engaiatu nahi izan. Euskal Herriko gatazka politikoa «ETA sortu aitzinekoa» dela berretsi zuen Rodriguezek, eta «iraungo duela» bi estatuek euskal herritarrek libreki erabakitzeko eskubidea onartzen ez duten artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna