Neguko sigi-saga sentituak

Asteburuan jokatuko da mendiko eskiko Bandres-Karolo oroimenezkoa, Izaba inguruan. Aurten Andoni Areizaga ere omenduko dute. Euskal Herriko Txapelketa eta herri giroa uztartzen ditu.

JOSEBA ARLEGI.
jakes goikoetxea
2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Fermin Astiz Mintxoren eta haren ardurapean dauden dozena bat lagunen «benetako lana» etzi hasiko da: mendiko eskiko Bandres-Karolo oroimenezkoaren bidea zapaltzea eta zabaltzea, astebururako. Eguraldiak uzten badie, goizean goiz abiatuko dira mendira, aspalditik buruan dituzten ibilbideetan elurra nola dagoen ikusteko eta, ondo badago, bidea zapaltzen eta markatzen hasteko. Bi taldetan joango dira, elkarren ondoan, ibilbide berean bi bide paralelo prestatu behar baitituzte, eskiatzaileek elkar aurreratu ahal izateko. Ostiralean, lasterketaren bezperan, kopetako argiak piztuta goizaldeko bostetan bi edo hiru lagunek ia ibilbide guztia egingo dute berriro, «ibilbidea segurua dela bermatzeko».

Elurra badago. Asko. Pirinioetako gailur, lepo eta maldak elurtuta daude. Ohi bezala, Bandres-Karolo oroimenezkoa Izaba inguruan (Nafarroa) egingo dute: larunbatean lasterketa, 1.500 metro inguruko desnibel positibokoa —Euskal Herriko Txapelketa ere bada—, eta herri ibilbidea, mila metroko desnibel positibokoa; igandean, berriz, kronoigoera.

Hala ere, elurra egonagatik, probaren antolatzaileen urteroko patua da ibilbidea azken orduan erabaki beharra. Pirinioetako eguraldiaren eta elurraren aldakortasunaren mende daude. Segurtasuna eta ikusgarritasuna uztartzen saiatzen dira. «Ibilbideak toki seguruenetik pasatu behar du», dio Astizek. «Bestela ezin da lasterketa egin; ezin gara arriskatu». Ez da txantxa: ia 200 parte hartzaileren, 60 bat boluntarioren eta ikustera joango diren dozenaka lagunen segurtasuna bermatu behar dute.

Lasterketarako hainbat ibilbide dituzte buruan, aspalditik. Parte hartzaileei asko gustatu zitzaizkien iazkoak: ibilbide luzeak, Lakora inguruan; eta kronoigoera, Linzatik Chinebral de Gamuetara. Mendiko eskiatzaile askok, Ereta inguruko ibilbideetara ohituta, Lakora inguruak ezagutu zituzten. Ibilbideen arduradunak azken asteburuetan Pirinioetan izan dira, buruan osatutako ibilbideetan elurraren egoera eta elur-jausien arriskua neurtzeko.

Behin betiko ibilbideak, baina, egunotan erabakiko eta prestatuko dituzte. Igoeretan arrastoak ondo zapalduko dituzte; jaitsierak, berriz, banderatxoen bidez markatuko dituzte. Lekuren batean, agian soka ere jarri beharko dute, izotza baldin badago eskiatzaileak sokari helduta jaisteko. Horrez gain, trantsizio guneak ere prestatu behar dituzte, eskiatzaileek eski-larruak kendu eta jaitsierarako prestatzeko edota kranpoiak jantzi ahal izateko.

Komunikabideren batek argitaratu du lasterketa Linzatik Petretxema ingurura egingo dutela. Astizek hori gehiegi esatea dela dio: «Linzako errepidea itxita egon zen iragan astean. Beraz, gerta daiteke lasterketa Lakora inguruan egitea eta kronoigoera, berriz, Izaban bertan, Ardibidepikuko antenara». Ibilbidea prestatzeko, bideaz gain, beste faktore bat ere hartu behar da aintzat: aparkalekua.

Noaingo mendi taldea

Euskal Herriko Txapelketa izaten da Bandres-Karolo oroimenezkoa, proba sortu zenetik, 2012tik. Euskal Herrian jokatzen den mendiko eskiko proba bakarra da. Euskal Herrian edo ondo-ondoan. Noaingo mendi taldeak antolatzen du, Izabako Kirol Elkartearen laguntza estuarekin. Euskal Herriko hainbat txokotatik joaten dira laguntzaileak eta boluntarioak.

Bandres-Karolo omenaldi bat da. Omenaldia Euskal Herriko mendiko eskiaren bultzatzaileetako biri: alde batetik, Antxon Bandresi, eta, bestetik, Carlos Imirizaldu Karolo-ri. Bandres tolosarra Euskal Mendizale Federazioko presidente izan zen bi alditan, eta 2011n hil zen, presidenteorde zela. Mendiko eskiko txapelketak eta euskal selekzioa bultzatu zituen. Haren omenez jaio zen Bandres oroimenezkoa, 2012an. Astizen esanetan, Bandresek «arnasa» eman zien mendiko eskiari eta lehiaketei.

Iaz, ordea, probaren izenari ezizen bat gehitu behar izan zioten antolatzaileek: Karolo. Bandres oroimenezkoaren antolatzaileetako bat zen Carlos Imirizaldu Karolo noaindarra. Mendiko eskiaren mundu txikian oso ezaguna eta maitatua. 2013ko uztailaren 5ean hil zen, Aralarko Aitzondon, Uharte Arakilen (Nafarroa), eskalatzen ari zela erorita. «Hura zen probako nagusia», dio Astizek. «Hil eta gero, ez genekien zer egin, baina aurrera jarraitzea erabaki genuen».

Aurten, gainera, antolatzaileek Andoni Areizaga zenari emango diote urteroko aipamen berezia. Areizaga Euskal Herriko mendiko eskiaren aitzindarietako bat izan zen, Europako lehiaketa garrantzitsuenetan parte hartzen lehena eta Altitoy probaren bultzatzaile nagusia. 2013ko urrian hil zen, errepide istripuan.

Bandres-Karolo probak herri giroa izan ohi du, baina Euskal Herritik kanpoko goi mailako kirolariek ere parte hartu ohi dute, eta Euskal Herriko Txapelketa ere bada.

Lariz eta Quincoces faborito

Iazko Euskal Herriko txapelduna, Iñigo Lariz, Izaban izango da. Astizen esanetan, Larizekin batera Lander Alvarez, Juanjo Goikoetxea eta Igor Alzelai dira faboritoak. «Lauzpabost katalanek» ere parte hartuko dutela dio. Eta gazte bat ere aintzat hartu behar dela ohartarazi du: Iñigo Martinez de Albornoz juniorra.

Emakumeetan, Nahia Quincoces mendexarra da faborito nagusia. Munduko Mendiko Eski Txapelketan parte hartu berri du duela pare bat aste, Verbierren, Suitzan. Bosgarren izan da bikotekako proban, Gemma Arrorekin, eta hamahirugarren kronoigoeran. Berez, izena emateko epea gaur amaitzekoa zen, baina antolatzaileek bihar gauerdira arte luzatu dute.

Bandres-Karolo oroimenezkoaz gain, badira Euskal Herritik kanpo jokatuta ere Euskal Herritik bultzatutako eta babestutako proba historikoak eta entzutetsuak.

Alde batetik, Andres de Regil zeharkaldia, Regil anaia bizkaitarrek 1969an abiatua, Europako mendietan, eta BBK-k 2003tik babestua. Aurtengoa martxoaren 14an eta 15ean izango da. Bi etapa izango ditu, biak Fuente Deko teleferikoaren goiko geltokitik abiatuta (Kantabria, Espainia).

Bestetik, Altitoy, Pirinioetako mendiko eski proba garrantzitsuena, Donostiako Club Vasco de Campingek antolatua eta Ternuak babestua. Altitoy Le Grande Courseren barruan dago, hau da, mendiko eskiko munduko zazpi proba garrantzitsuenen zirkuituan. Aurten oraindik ez da zirkuiturako puntuagarria; datorren urtetik aurrera bai. Ohi bezala, Luz Saint Sauveurren jokatuko da (Okzitania), martxoaren 7an eta 8an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.