Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Banatzen gaituzten iritziak

2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Telebista tradizionalaren hutsunea TVEko streaming kanalaz bete genuen larunbat gauean. Espainiako Goya sarien ekitaldia ikusteko gogotsu geunden Glasgown bizi garen euskaldunetako batzuk. Lehen jauzia eman genuen Eneko Sagardoi aktoreari egokitutako sariarekin. Literalki, esan nahi dut. Aulkitik altxatuz eta errekonozimendua txalotuz. Madrileko festan bertan bageunden bezala. Segidan etorri zen Handia filmarentzako bigarren Goya, ondotik hirugarrena... eta azkenik hamargarrena. Gertakizun historikoa bizi izan genuen, euskarazko zinemaren ibilbidean unerik garrantzitsuenetakoa izango dena. Ez esan harro eta pozik egoteko modukoa ez denik. Larunbateko sariek zabaldu dizkiete ateak euskarari, lurralde eta komunitate bati, gure kulturari, begirada eta izateko era partikular bati; baita marka bati ere. Etxeko publikoan eragindako astindua ahaztu gabe.

Goyatako aretoaren barruan bazegoen elefante handi bat, ordea. Gonbidatu guztiek ikusten zutena. Baina nahiago izan zuten hortaz ez hitz egin. Kuriosoa da Espainiako kultura munduko hainbat eragilek nola normalizatu duten Kataluniako auzia. Gogoan dut, 2003ko ekitaldian oihu eta aldarrikapen ugari egin zirela Irakeko gerran Espainiaren parte hartzearen kontra. Marisa Paredes aktoreak oholtzaren gainaldean egindako diskurtsoa, kasurako: «Gaurkoa ez da tentsio-gaua, librea baizik. Ezin zaio beldurrik izan kulturari eta entretenimenduari, ezta adierazpen askatasunari ere. Dogmatismo eta ezjakintasunari bai, aldiz; baita gerrari ere». Zer gertatu zen larunbatean? Ez nuen xingola hori bat bera ere ikusi publikoaren artean. Zentsurarik egon zen? Nahastuta daude han zeudenak? Edo nahiago izan zuten adierazpen polemikorik ez egin? Euskaldun gisa minduta sentitu nintzen. Uste dut, katalanak bezala. Erraza zitekeen sexismoa salatzea edo aldarrikapen feministak egitea. Sexu jazarpen kasu ugari entzun dira azkenaldian zinema munduan; ondorioz, gutxi batzuk azalduko lirateke kontra. Baina kemen eta indar handiagoa behar da banatzen gaituzten iritziak ozen adierazteko. Kultura da ezberdintasunak zabaltzeko tresna; aniztasuna erakusteko, gogoeta eta elkarrizketa bultzatzeko. Horregatik, arazoen aurrean nahita beste aldera begiratzea zinema komunitatearen porrota litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.