UDAKO SERIEA. Euskal Herriko aztarnategiak (I). Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak.

Iraganaren lekuko

80.000 urte baino gehiago dituzten giza aztarnen lekuko dira Izturitzeko harpeak; geologia aldetik, naturak sortutako elementuak ikusgarriak dira.
Estalaktita eta estalagmita ikusgarriak daude Otsozelaiko harpean.
Estalaktita eta estalagmita ikusgarriak daude Otsozelaiko harpean. CHRISTOPHE LEVILLAIN

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko abuztuak 28
Burdinazko ate handi bat irekitzen da, artisten topaketa batean artista batek egindako margolan batek apaindurik. Hori ere badira-eta Izturitzeko harpeak (Nafarroa Beherea); artisten topaleku. Baina bisitariak atearen bestaldean aurkitzen ditu artistarik handienak egindako artelanak; «naturak ikaragarrizko gauzak egiten ditu», dio Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak ezagutzera joan den batek.

Berehala nabaritzen da freskotasuna; Aude Labarge bisitaren gidariak jakinarazi du hamalau gradu daudela. Zer topatuko zain, bisitari guztiak isil-isilik sartu dira harpera, gidariak haur bati kargu hartu dion arte: «Ahoan duzun gozoki hori kendu, mesedez». Arauek argi diote ezin dela edan, ezta erre ere, lurrera erortzen diren gauza guztiak kaltegarriak baitira leizearentzat, bakterio erasoak sortzen dituztelako. Orain bai, denak prest. Labargek azalpenak eman ditu Homo sapiens-en historiaurreko aurinagciarren kultura eta haien inguruan arkeologoek aurkitutakoa : «Aurinagciarrek egiten zuten jardueren arabera, bizilekua egituratu zuten, eta hiru lan eremu aurkitu dituzte hemen: harategia, animalien larrua lantzeko eremua eta apaingarrien eremua». Hiru eremu horiek aztertuta, ikerlariek zera ondorioztatu dute: aurinagciar gizakiek ekonomia garatu zutela Pirinioen mendilerroan, landutako objektu zein materiala inportatuz eta esportatuz. Horrez gain, ondorioztatu dute apaingarriak gizataldeen nortasunaren adierazgarri zirela, eta oso gizarte eredu antolatua zutela. «Orain dela 40.000 urte ezarri zituzten gizarte garaikideen oinarri sozialak, ekonomikoak eta politikoak», esan du Labargek.

Beste areto batera gidatu ditu bisitariak, Madeleine aldiko Homo sapiens-ak bizi izan ziren aretora, hain zuzen, aurinagciarrak han egon eta 30.000 urtera. 1913tik 1953ra, ikerlarientzat lehentasuna izan zen areto hori, Izturitzeko areto handia ere deitua. Urte horietan zehar, milaka objektu, animalien hezur eta artelan berreskuratu zituzten. Horiek denak Saint-Germain-en-Layen daude, Frantziako Arkeologia Museoan. Maiz galdetzen diete ea aurkikuntza horiek guztiak ezin ote diren ekarri Euskal Herrira, baina erantzuna beti bera da: dirua. Dena den, Paris ondoko museo horretan objektuak erakusketa batetik bestera mugitzeko filosofia dute, eta horrekin kontent da harpeen jabe Darricau familia.

Areto nagusi horretan, Madeleine aldiko gizakiek zutabe batean zizelkatutako animaliak ikus daitezke: oreinak, zaldiak, arrainak... Zizelkatutako zutabe bakarra da, eta, Labargek azaldu duenez, munduan ez dago hain bestiario oparoa duen beste zutaberik. Egun areto nagusia horma batek estaltzen badu ere, aretoak argi naturala zeukan orain dela 17.000 urte, irekidura bat baitzuen hegoaldetik; horrela zizelkatu ahal izan zuten zutabea. Ikerlariek Madeleine aldiko gizakien egunerokoa nolakoa zen irudikatu ahal izan dute; esaterako, lan eremu batzuk aurkitu dituzte, eta horietako hainbat, gainera, sutondo bati lotuta.

90 eskailera eta Otsozelaira

Izturitzeko harpea utzi eta Labargek eskailera batzuk seinalatu ditu, «behean itxaron» esanez. Bat, bi, hiru, lau... 90 eskailera jaitsita, gidak jakinarazi du: «Otsozelaiko harpean zaudete orain». Bidexka bat ikus daiteke, ohar batekin. Laplace galeria ikusteko oharra da; bertan daude zizelkatutako zaldien irudiak, baina igandeetan bisita berezi bat egiten dute horiek ikusteko; beraz, momentu horretan ezin sartu. Bada zer ikusia bestela ere, eta itzultzeko aitzakia ere ematen du, bide batez.

Aurrera egin eta argiak pizterakoan, jendea aho-zabalik geratu da, naturak urteen poderioz sortutako artelanak txunditurik. Momentu horretan, Labargek aprobetxatu du azaltzeko nola sortzen diren estalaktitak eta estalagmitak. Bada beste elementu bat, gortinak deitutakoa, pareta osoan barreiatzen diren urek sortua. Gortina horiek berezitasun bat dute: kolpe leun batzuk emanez gero, bibratu egiten dute, eta melodia bereziak sortzen. Labargek horren adibide entzungarria jarri du minutu gutxi batzuez. Pierre Esteve musikologoak sortutako musika jarri du, areto horretan bertan sortua. Leizeetarako propio sortutako mailu batekin bibrarazi zituen gortinak, eta ateratako soinuak grabatu zituen. Soinu horiekin konposizioak egin zituen; instrumentu natural horiei litofono esaten zaie.

Areto magiko hori atzean utzi, eta Bizarzuri izeneko aretora gonbidatu ditu bisitariak. Bertan, gidariak azaldu du nola sortu ziren Gazteluko mendixkako leizeak. Hurrengo aretoan leize baten bizitzaren zikloak izan ditu mintzagai, hala nola ur jauzi distiratsua. Ur jauziak euri ura jasotzen du aldizka; kaltzita etengabe sortzen da bertan, eta distira egiten du. Konkrezio lehorrak ere badaude, euri urik jasotzen ez dutenak eta beraz jardunik ez dutenak.

Neguan atsedena

Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak zortzi hilabetez egoten dira irekita, martxoaren 15etik azaroaren 15era. Gero, atseden hartzen du lau hilabetez; ezinbestekoa da hori kontserbaziorako. Ikerketen arabera, harpeak oso ongi kontserbatuta daude, eta arduradunek gutxi esku hartuz lortzen dute hori; hau da, batzuetan ur asko dago, besteetan gutxiago, baina bere kasa erregulatzen da.

Urtean 40.000 bisita izaten dituzte, eskaintzen dituzten bisita mota guztiak kontuan hartuta: bisita berezi bat dute argazkilarientzat soilik, sentimenezkoa itsuentzat, soinu-bisita, haurrei zuzendua, bisita geologikoa, historiaurreari buruzko bisita... Argazkilarientzako bisitetatik eta soinu bisitetatik ateratako dirua ikerketara bideratzen dute; gaur egun, Akitania Berriko Arkeologiako Eskualde Zuzendariordetzak egiten ditu egin beharreko ikerketak.

Izturitzen ez, baina Donapaleuko Chemins-Bideak espazioan (Nafarroa Beherea) egun osoko jardunaldi bat antolatzen ari dira urriaren 20rako. Ordu erdian behin, zientzialari batek mintzaldi bat emango du. Jendea bertako altxorraz jabetzea nahi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna