Lointek Gernika 83-56 Tsmoki Minsk

Erakustaldi batekin gaindituta

Gernika historian lehenbizikoz sartu da Eurokopako final-hamaseirenetan. Bizkaitarrek erraz irabazi diote Minski kanporaketaren itzuliko partidan

Minskeko Chidom eta Muraskaia Gernikako Arrojo geldiarazi nahian, atzo, Malosten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Lointek Gernika. Ocete, Dietrick (10), Wojta (6), Arrojo (6), Milic (24) —hasierako bostekoa—, Alberdi, Ariztimuño (5), Diez (10), Mazionite (10), Molina-Prados (2) eta Lo (10).

Tsmoki Minsk. Bartakova, Theriot (10), Murauskaia (15), Ribalka (2), Hasper (13)—hasierako bostekoa—, Xautxenka, Stsiapanava, Vabixtxevitx (3), Venskaia, eta Chidom (13).

Markagailua. 18-18. 42-27 (atsedenaldian); 67-46 eta 83-56. Epaileak. Marques, Manoli eta Toth.

Hamar minutu. Horixe iraun zuen zalantzak atzo Malosten. Bortz puntuko abantailarekin ailegatu zen Lointek Gernika Bielorrusiatik. Aldea ez zen handia, baina itxura eman zuen Tsmoki Minsk baino talde sendoagoa zela. Eta joaneko partidaren ondorio hori guztiz berretsi zuten atzo bizkaitarrek. Lehenbiziko laurdeneko parekotasuna guztiz txikitu zuen Gernikak bigarrenean, eta partida festa giroan bukatu zen Malosten. 83-56 izan zen bukaerako emaitza. Bizkaiko taldea historian lehenbiziko aldiz igaro da Eurokopako final-hamaseirenetara. Hungariako KSC Szeksard izanen dute arerio, eta joanekoa Malosten jokatuko dute, bi aste barru.

Partidak Bielorrusiakoaren antzeko hasiera izan zuen. Han bezala, markagailuan berdinduta bukatu zuten bi taldeek lehenbiziko laurdena, 18-18. Minskek izan zuen agintea, baina ez zuen lortu Gernikari ihes egitea.

Zalantzari tarte bat ireki zion lehenbiziko laurden horrek. Nabaria zen Minsken baliabideak mugatuagoak zirela, baina ongi erabili zituen. Viktoria Hasper nagusi zen taulapean, eta berriz ere Oderah Obiageli Chidom estatubatuarrarekin elkar hartuta estutu nahi zituzten bizkaitarrak. Chidom izan zen joanekoan partidako saskiratzaile nagusia, eta Hasperrekin batera Minsken puntuen erdiak baino gehiago egin zituzten. Gainera, Ala Murauskaia hegalekoaren eskumuturra fin ibili zen partidaren hasieran —Minsken saskiratzaile nagusia izan zen atzo, hamabortz punturekin—.

Atzo, ordea, hamar minutu iraun zituen jokalari horien mehatxuak. Gernikak bigarren laurdenean guztiz hautsi zuen bielorrusiarren erresistentzia. Haustura horretan, erabakigarria izan zen hiru jokalariren parte hartzea. Naiara Diez eta Itziar Ariztimuño jokoan sartu zituen Mario Lopezek, eta Gernikari gehien komeni zitzaiona eman zioten: abiadura, eta saskiratzeetan asmatzea. Belen Arrojo hegalekoa ere kantxara itzuli zen, eta bi taulen azpian jokalari handiagoen aurka egin zuen lan bikainak borobildu zuen bizkaitarren lana. Bigarren laurdena bukatzeko bortz minutu baino gutxiago zirela, Diezek bere lehenbiziko hirukoa asmatu eta zortzi puntutara igo zuen aldea (31-23). Minsk guztiz gaindituta zegoela nabarmen egin zen orduan.

Diezek hamar punturekin bukatu zuen partida, hamazazpi minutu jokatuta. Hirugarren laurdena hastean hamabortz puntuko abantaila zuen Gernikak; kanporaketa osoa kontuan hartuz gero, hogeikoa. Partida erabakita zegoen, Minskek kirol epika handi bat egin ezean. Bielorrusiarrek hirugarren laurden hasiera horretan eman zituzten azken erresistentzia zantzuak. Zenbait partzial laburrekin aldea higatu zuten zertxobait, eta Minskeko partidan gertatu bezala, Chidom bigarren zatian hasi zen erasoko jokoan gehiago asmatzen —hamahiru puntu sartu zituen, guztiak bigarren zatian—.

Baina bielorrusiarrentzat beranduegi zen bigarren laurdenean gertatutakoa konpontzeko, eta bi taldeen kalitatearen arteko aldea nabarmena zen. Gehienez 44-35era hurbildu zen Minsk, baina Blake Dietricken hiruko batek susperraldi txiki hori errotik moztu zuen, eta Nikolina Milic pibotak erasoan eman zuen erakustaldiak guztiz txikitu zituen Bielorrusiarrak. Serbiarrak 24 puntu sartu zituen atzo, horien erdiak hirugarren laurdenean. Hasperren defentsaren aurka uzkurrago aritu zen, baina bielorrusiarra falten ondorioz kantxatik kanpo zegoenean, Milicek nahieran egin zuen Chidomen defentsaren aurka.

Azken laurdena 21 puntuko aldearekin hasi zen, eta erritmoa zeharo jaitsi zen. Maloste festa giro betean murgilduta zegoen, saskiratze bakoitza burrunba hotsarekin ospatzen. Azken minutuetan Lopezek Marta Alberdi gazteari jokatzeko aukera eman zion. Hiruko bat jaurti zuen segundo gutxiren faltan; zaleak jarlekuetatik zutitu zituen, baina ez zuen sartu. Festa borobilduko zukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.