Koronabirusa

'Normaltasunerako' irizpideak

Konfinamendutik irtenda, «normaltasun berrian» da Hego Euskal Herria; maskara janztea, eskuak garbitzea eta distantzia soziala gordetzea dira irizpide nagusiak.

Zebra-bide bat, Gasteizen, distantzia gordetzeko eskatzen duena. DAVID AGUILAR / EFE.
jon olano
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Alarma egoera ezarri eta hiru hilabetera, ekainaren 21ean, joan den igandean, amaitu zen Hego Euskal Herrian konfinamendua arintzeko hirugarren eta azken fasea. Zenbait irizpide eman dituzte hemendik aurrerako bizimodurako. Ipar Euskal Herrian, ordea, faseak ez dira amaitu; Frantziako Gobernuaren arabera, uztailaren 11n emanen dute bukatutzat osasun larrialdia, eta, hortik aitzina, deskonfinamenduaren «azelerazio» bat iragarria dute.

Zer edukiera dute ostatuek eta dendek?

Jada saltoki guztiak zabal daitezke. Nafarroan, txikizkako merkataritzan ezingo da gainditu %75eko edukiera, eta merkataritza zentroetan, %50ekoa. Jaurlaritzak ez du edukierarik zehaztu, baina bai lokal horietarako jarraibide batzuk: edukiera zein den argi erakustea, jendearen arteko tartea bermatzea, eta horretarako espazioak prestatzea. Hala ere, merkataritza guneetarako %60ko gehienezko edukiera jarri du Jaurlaritzak gune komunetan, eta ehuneko bera kaleko merkatuetan; ezingo dituzte jarri lehen jartzen ziren postuen %60 baino gehiago. Hala ere, udalek handitu ahal izango dute merkatu horietarako prestatutako espazio fisikoa. Horietan guztietan, lehentasunezko zerbitzua eman beharko zaie 65 urtetik gorako herritarrei.

Jatetxeei eta tabernei dagokienez, lokalen barneko edukiera lehengoaren %75ekoa izango da Nafarroan, eta kontsumitzaileek barran eta mahaietan hartu ahal izango dituzte jan-edanak. Terrazak, berriz, osorik zabaldu ahalko dituzte, baina ezingo dira 25 lagunetik gorako taldeak sortu. Jaurlaritzak kendu egin du edukiera muga, baina metro eta erdiko tartea gorde beharko da.

Diskotekak eta gaueko giroko tabernak ireki ahal izango dira, baina mahaiak jarri beharko dituzte lokal barruan, jendearen arteko distantzia gorde dadin. Gehienez %60 bete ahal izango dira halako lekuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ipar Euskal Herrian, berriz, ekainaren 2tik irekita daude ostatuak, baina debekatuta dago ostatu barnean zutik kontsumitzea.

Jatetxeetan hobetsita dago txanda hartzea, baina dendetan jada ez da halakorik behar. Bestalde, Jaurlaritzak emandako irizpideek eskatzen dute txartel bidezko ordainketa lehenesteko.

Joan-etorriaketa aisia libreak al dira?

Mugitzea librea da ekainaren 21etik; Euskal Herri osoan ibil daitezke herritarrak, muga fisikorik, ordutegirik eta adinaren araberakorik gabe. Edonola ere, leku itxietan nahitaezkoa da sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabiltzea, ahal dela higienikoak eta kirurgikoak, 6 urtetik gorako pertsonentzat. Espazio publikoan ere derrigorrezkoa izango da, ezin bada bermatu jendearen arteko distantzia.

Batetik bestera mugitzeko, eserleku guztiak beteta eraman daitezke, bai garraio publikoan, bai pribatuan. Bi kasuetan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, salbuespen batekin; ibilgailuan doazen guztiak etxe berean bizi badira. Motoan ere binaka joan daitezke.

Kirola egin daiteke taldean. Nafarroan, gehienez ere 25 pertsona elkartu daitezke kalean kirola egiteko; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 30. Instalazio estalietan, edukiera %75ekoa izango da gehienez Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %60koa.

Hondartzari dagokionez, baimenduta dago hondartzetarako joan-etorria eta egonaldia, bai eta kirol, lanbide edo jolas jarduerak egitea ere. Aisialdiko bainuak baimenduko dira, baita eguzkia modu estatikoan hartzea ere, baldin eta hondartzako araudiak modua ematen badu.

Haur parkeak ere ireki dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. gutxi gorabeherako edukia pertsona batekoa izan beharko da lau metro koadroko. Udalei dagokie eremu bakoitzean garbitasun eta higiene baldintzak mantentzea.

Zer kultur ekitaldidago baimenduta?

Areto eta museoak aurretik irekita zeuden, baina edukiera handitu dute orain. Nafarroan, %75ekoa da gehienezko edukiera zinema aretoetan, antzokietan, zirkuetan, museoetan eta liburutegietan. Gida batekin egindakojardueretan, 25 lagun elkartuko dira gehienez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, liburutegi publiko eta pribatuek ohiko zerbitzuak eman ahal izango dituzte, baina aretoak ezin dira bete %60 baino gehiago. Zinemak irekiko dira Ipar Euskal Herrian, baita opor lekuak eta kasinoak ere.

Kanpoaldean eginiko jardueretarako, %75eko edukiera ezarri dute Nafarroan. %60koa da muga hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, lau probintzietan, ezingo dira mila pertsona baino gehiago elkartu.

Kirol ekitaldi eta liga asko bertan behera gelditu dira, eta segitzen dutenak —gizonezkoen futbola, kasurako— ikuslerik gabe jokatzen ari dira. Iparraldean, berriz, kirol estadioak, hipodromoak eta kontzertu gelak irekitzen hasiko dira uztailaren 11n, betiere gehienez 5.000 pertsonarekin. Jende gehiagoko ekitaldiak debekatuak dira irail arte. Dantzalekuak ere itxiak egongo dira ordu arte.

Zer zeremonia egindaitezke? Eta nola?

Beilak eta hileta zeremonia zibil eta erlijiosoak baimenduta daude. Nafarroan, ezingo da izurri aurreko edukieraren %50 baino gehiago bete, eta gurtza eremuetan %75ekoa izango da muga; gauza bera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ipar Euskal Herrian, hogei lagun elkartu litezke halakoetarako. Edonola ere, osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 65 lagun elkartu ahal izango dira leku zabaletan, eta 30 itxietan. Ezkontzen kasuan, Jaurlaritzak zehaztu du zeremonia gurtza eremu batean bada gune horri lotutako arauak segitu behar direla; jatetxeetan bada, ostatuko gehienezko edukieraren jarraibideak.

Itzuli al daiteke eskolara edota heziketa gunera?

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, babes neurriak arinduko dituzte, eta ikasle guziak ikasgeletara itzultzera deituak dira. Aisialdi taldeei dagokienez, Nafarroan, baimenduta egongo da aisialdirako jarduerak antolatzea, ohiko taldeen %75ek eta gehienez 250 umek parte hartuta; leku itxietan bada, edukiera %50era murriztu beharko da. Jaurlaritzak baimendu egin ditu udaleku itxiak. Akademia, euskaltegi, arautu gabeko hezkuntza zentro, autoeskola eta abarrek eskolak eman ditzakete aurrez aurre, ikasleen artean metro eta erdiko distantzia gordeta eta gehienez 25 pertsona elkartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.