LEKUKOA MEZU BATEKIN

Gullermo Olmoren irudia Hiru Erregeen Mahaira iritsiko da. URMUGA.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Urmuga proiektuaren prestakizunetan, Enirio ingurura egindako irteera batean, lekuko bat eramateko ideia sortu zen, ibilbidearen hasieratik bukaeraraino, Angulo mendatetik Hiru Erregeen Mahairaino. Guillermo Olmo eskulturgileak egin du irudia, eta barnean doan mezua Harkaitz Cano idazleak idatzi du.

Olmok egin duen eskultura piramide itxurako mendi bat da, eta, alboetan, ibai antzeko batzuk ditu, zenbait isurialdetara jaisten direnak. Mendia kareharri grisez egina dago, euskal mendietan ugariena den materialaz, eta, gainaldean, Markinako (Bizkaia) marmoleko beta zuri batzuk ditu. Ibaiak, berriz, zinkez eginak daude, metaforetan urarekin parekatzeko asko erabilitako materialaz.

Eskulturaren barnean, hutsune bat dago, eta hor doa mezua; ibilaldiaren hasieran Angulo mendatean, sartu eta, amaieran irakurriko da, Hiru Erregeen Mahaian. Horrekin batera, Nerbioiko ura sartu zuten; proiektuaren amaieran hustuko dute, Hiru Erregeen Mahaian.

Mezua Harkaitz Canoren soneto bat da, eta, hori azaltzea «sakrilegiotxoa» dela onartu arren, Einsteinen esaldi batean adierazten du idazleak: «Gizakiok dugun uste hau, hau da, elkarrengandik bereizitako ente/gorputz separatu bat garelako ustea, uste ustela da; 'ilusio optiko' esaten zion berak». Canoren iritziz, pandemiak argi utzi du denok naturarekin lotuta gaudela, baina baita elkarri lotuta ere. «Urmuga proiektua, bestalde, egokia izan daiteke giza eskalaren kontzientzia erreala atzemateko. Naturan zer zeregin dugun, eta harekin eta elkarrekin zer harreman izan behar genukeen atzemateko. Eta, berez gure artean dagoen lotura hori ehuntzeko, zer hoberik musika eta poesia baino?», esanez bukatzen du idazleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.