Italiako Giroa

Estreinako ezin hobea

Mathieu van der Poelek irabazi du Italiako Giroko lehenbiziko etapa, eta maglia arrosa jantzi du. Pello Bilbao hirugarren postuan sailkatu da

Estreinako ezin hobea.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Nekez izan zezakeen estreinako hoberik Mathieu van der Poelek (Alpecin) Italiako Giroan. Herbeheretarrak lehen etapa irabazi zuen atzo, Visegraden. Aldapan gora zen esprinta, eta halakoetan, espezialista bikaina da Van der Poel. Berriro erakutsi zuen atzo. Garaipenari esker, lehen maglia arrosa jantzi zuen. Antzekoa egin zuen iaz, Frantziako Tourrean estreinakoz aritu zen aldian. Bigarren etapa irabazi zuen, eta maillot horia jantzi zuen.

Biniam Girmay (Intermarche-Wanty-Gobert) sailkatu zen bigarren atzo, eta Pello Bilbao, hirugarren (Bahrain). Gernikarra oso adi ibili zen, eta mesede egin zion Caleb Ewan (Lotto Soudal) azken metroetan erori egin izanak. Bilbao izan zen onena Giroa irabazteko hautagaien artean. Haren denbora bera egin zuten Wilco Keldermanek (Bora) eta Richard Carapazek (Ineos). Beste faboritoak lau segundora helmugaratu ziren. Sailkapen nagusian, berriz, Bilbao hirugarren da, Van der Poelengandik sei segundora. Lau segundo ateratzen dizkie Keldermani eta Carapazi, eta zortzi beste faboritoei.

Mattia Bais eta Filippo Tagliani izan ziren eguneko beste bi protagonistak. Drone Hopper-Androni taldeko bi txirrindulariek hasi eta berehala egin zuten ihes, eta 180 kilometro pasatxo egon ziren buruan. Hamar minutu pasatxoren taldea izan zuten, baina tropelak helmugarako hamalau kilometroren faltan harrapatu zituen.

Gaur, lehen proba izango dute Giroa irabazi nahi duten hautagaiek. 9,2 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Budapesteko kaleetan. Ibilbideak bi zati ditu: lehen zortzi kilometroak lauak dira, eta bihurgune bihurri bat baino gehiago dago; azkeneko kilometro pasatxoa, berriz, goraka da: %14ko pendizeko aldaparen bat igo beharko dute ziklistek. Indarrak kudeatu beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.