Errusiako Munduko Kopa

Beste espioi bat dute arbitroek

Bihar abiatuko da Futboleko Munduko Kopa, Errusian, eta estreinakoz erabiliko dute VAR edo bideo epaile laguntzailea. Epaileen oker larriak zuzentzea du helburu. Arbitroek uste dute lagungarria izango zaiela beren jardunean. Hasiera honetan pazientzia eskatu diete jokalariei eta zaleei.
<b>Kontrolgunea. </b>VARak hainbat kameren bidez jasoko ditu partida bakoitzeko jokaldiak.
Kontrolgunea. VARak hainbat kameren bidez jasoko ditu partida bakoitzeko jokaldiak. YURI KOCHETKOV / EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko ekainak 13
Errusiak beti izan ditu espioitza zerbitzu indartsuak. KGBa izan da horren ikur. Bada, bihartik aurrera bertan jokatuko den Munduko Kopa baliatu nahi izan du FIFAk epaileen «huts larriak» zuzentzeko teknologia berria erabiltzen hasteko: VAR edo bideo epaile laguntzailea. Leo Messi, Cristiano Ronaldo, Neymar Junior, Antoine Griezmann eta enparauengan ez ezik, teknologia horretan ere egongo da ikusmina Munduko Kopa honetan.

Asko dira sistemaren inguruan dauden zalantzak: zenbateraino baldintzatuko du epaileen arbitratzeko modua? Zein eragin izango du jokoan? Nola ohituko dira jokalariak? Eta zaleak? Ricardo de Burgos Bengoetxea arbitroak (Bilbo, 1986) sistemaren inguruko formakuntza jaso berri du, datorren sasoitik aurrera hasiko baitira erabiltzen Espainiako Lehen Mailan. Epaile batek baino gehiagok jarri dute auzitan VARa. Ezarri arte zein emaitza izango dituen jakitea oso zaila dela adierazi du De Burgos Bengoetxeak, eta horregatik nahiago du Munduko Kopa nola doan ikusi iritzi bat emateko. Baina baikor dago: «Teknologia berri bat da. Etorkizuna hor dago, eta egokitu egin behar dugu. Baina jokalariek eta zaleek laguntzen badigute, emaitza onak izango ditu».

De Burgos Bengoetxeak nabarmendu du eurentzat «segurtasun sare bat» dela: «Lasaiago eta ziurrago arbitratzeko aukera emango digu, oker larri bat eginez gero zuzendu egingo baitigu». Baina, aldi berean, onartu du beraien jarduna konplexuagoa izango dela: «VARa erabiltzea eskatzen denean, sistema kudeatzen dutenei azaldu beharko diegu zer ikusi dugun, edo zergatik hartu dugun erabaki zehatz bat. Beraz, oso adi egon beharko dugu».

Hori hala izanda ere, sistemari buruzko prestakuntza jaso dutenean behin eta berriz errepikatu dieten zerbait ekarri du gogora: «Epaile bakoitzak arbitratzeko modu bat dauka, eta horri eutsi behar dio. VARak ezin du aldarazi bakoitzak norgehiagokak zuzentzeko duen modua». Horretarako gakoa VARa egongo ez balitz bezala arbitratzea dela nabarmendu du: «Buruan izan behar duguna ez da zuzenduko gaituen makina bat dagoela. Orain arte bezala, okerrik ez egitean pentsatu behar dugu. Ikusi duguna adierazi behar dugu, naturaltasunez. Ni egindako probetan eroso sentitu naiz». Finean, azken hitza haiena da: «Gainera, VARa eskatzeko ardura ez da gurea, hori kudeatzen dutenena baizik».

Teknologia berriaren inguruan hainbat ñabardura egin nahi izan ditu. Batetik, gogorarazi du ez dituela jokaldiak edo norgehiagokak berriz arbitratuko, bizik eta okerrak zuzenduko dituela. «Jendeak argi eduki behar du hori. Gainera, epailearen interpretazioaren baitan dauden jokaldietan ez da sartuko. Hori ez da aldatuko. Araudiak argi uzten du zein lau kasutan esku hartu behar duen. Horietan lagunduko du». Beraz, ondorengoa iragarri du: «Zalantzazko jokaldien inguruko eztabaidak jasoko ditu». Gainera, azaldu du VARa ez dela beltz begia bezalakoa. Hori kudeatzen dutenak arbitroak dira, beraz, hor ere badago okerren bat egiteko arriskua.

Horrenbestez, ez du uste futbola justuagoa izango denik VARa egonda: «Futbolean justiziaz hitz egitea oso erlatiboa da. Gertatzen da talde batek hobeto jokatzea hasi eta buka, eta galtzea. Baina txapelketak, batez ere liga, onenak irabazten du».

VARak jokoaren erritmoa mantsotu dezakeela-eta, kezka azaldu dute batzuek, eta horrek eragina izango duela norgehiagoken ikusgarritasun eta bizitasunean. «Hasieran gehiago kostatuko zaigu, baina uste dut partidak aurrera joan ahala kudeaketa ona izango dela. Ez nuke esango horrenbeste eragin izango duenik. Gainera, guri argi esan digute zein den helburua: ahalik eta gutxiena eta modu eraginkorrenean erabiltzea».

Horren inguruan, datu argigarriak eman ditu: «Batez beste hiru partidetatik batean erabiltzen da, ez da horrenbeste. Jokaldien inguruan erabakia hartzeko batez beste 90 segundo behar izan dira, eta erabileraren erruz bi minutu inguru luzatu dira norgehiagokak. Ez da hainbeste».

Jokalariei «pazientzia» eskatu die: «Ulerkorrak izatea nahi dugu, eta batez ere lasai uzteko jokaldiak ikuskatzera goazenean. Ez dezatela behin eta berriz eskatu VARa, eta presioa egin. Denak pixkanaka joan behar dugu ohituz». Epaileei gertatu bezala, gainera, ez zaio iruditzen jokalarien jokatzeko modua aldatuko denik: «Jokalari bakoitzak bere jokatzeko modua eta izaera du, eta honek ez du aldatuko. Agian, jokaldia ikuskatu egingo dela jakinda, ez dute hainbeste protesta egingo, eta lasaiago egongo dira». Baina onartu du jokalariak «kontrolatuago» egongo direla: «Egon dira kasu batzuk begira ez geundela baliatu dutena jokalari batzuek aurkari bat jotzeko. Kasu honetan, VARak ikusi egingo ditu».

Zaleei ere lasai egoteko eskatu die. «Oraindik ez dago behar adina ezagutza sistemaren inguruan, eta pixkanaka joango dira ohituz. Hedabideen laguntza ezinbestekoa dugu horretarako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainara Arratibel Gascon

Informazio osagarria