HEMEROTEKA

Elebikeriak bizi gaitu

Jonjo Agirre Martinez - 'erabili.eus'

2015eko otsailak 11
Elebitasuna, hizkuntza ordezkapen prozesuaren urratsetako bat dela diote dakitenek, diglosia bezalatsu. Euskaldunon kasuan, ez elebitasuna eta ez diglosia, elebikeria, zokoraketa, eta minorizazioa dira gure egoerari ondoen egokitzen zaizkion kontzeptuak. Baita itxurakeria ere.

Pobreak bere lotsak ezkutatzera jo ohi du, eta halaxe jokatzen dugu komunitate minorizatuetan ere. Harrotasuna txiki-txiki eginda daukagularik, zapaltzaileari (kanpokoari nahiz bertokoari) aurre egiteko gauza ez garelarik, sendo-plantak egiten xahutzen ditugu indarrak, arazoei paparretik heldu ordez, eta haurren geroko geroan edota Bilbo euskaldunduko duen Begoñako Amatxuren mirarian jartzen dugu itxaropena, gure arduretatik eta ekimenetik ahalik eta urrunen. Sedukzioaren aldarria egiten dugu botererik ez daukagulako, guri espainiera edo frantsesa sedukzioaren bitartez ezarri izan balizkigute legez, jakin arren gutako askoren guraso eta aiton-amonei, eta haien aurrekoei, aurpegiak eta harrotasuna ondo seduzitu zizkietela belarrondoka, erdeinuka eta era askotako arau eta zigorrak erabiliz.

Sedukzioa onartuko luketela baina inposaketarik ez dutela onartuko, ohartarazten gaituzte kolonizatzaileek eta euren lagunek, erdarak inposatu eta inposatzen dizkiguten horiexek. Eta makurtuarazi gaituzte, bizkarrak konkortzen hasteraino makurtuarazi ere. Eurek ezarritako jokozelaian eta arauen arabera jokatzen dugu partida, esker onez, noizbehinka txikira esku bat edo beste irabaziz, baina pareetara, jokora eta handira galduz behin eta beste behin. Adibideak ehunka eman daitezke. Asko eta asko iraingarriak eta mingarriak, alderdi, sindikatu eta ikastola, eta askotariko erakunde abertzaleetatik hasita. Besteak, azpiegitura erdaltzale militanteak, zertarako aipatu…

Elebikerian, kiroltasun osoz. Gu bai kosmopolittak! [...] Hori bai, herria ikurrinaz josita daukagu, ondoko herri gurea bezain erdaldundua bezalaxe. Izan ere, Nafarroako gobernu espainiar maltzurrak , Espainiako bandera inposatu eta Ikurriña jartzea debekatu digu. Hala, inposaketa onartezin horri oldartu, eta ikurriñez bete ditugu kaleak, gora gu eta gutarrak! Espainiako banderaz gain, espainiera ere inposatu digutela? Eta Nafarroako eremu zabaletan euskaraz egitea galarazi? Beno… tira… baina hori beste opil bateko orea da. Hurrengo baterako… Gainera gure herria «elebiduna» da… eta haurrak euskaraz eskolatu ditugu, aizu! Eta aurten Korrika dago eta kilometro bat ez, bi erosiko ditugu... Taliban! hombre...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna