Berria TBk Rioko Jokoen saio bat egingo du, abuztuaren 5etik 22ra

BERRIAren webgunean 16:00etan jarriko dute. Euskal kirolari bakoitzak bere atala izango du

2012ko Olinpiar Jokoen berri ematen egindako lanagatik Rikardo Arregi sari nagusia jaso zuen BERRIAk. IDOIA ZABALETA / ARP.
urtzi urkizu
Andoain
2016ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoen berri luze eta zabala eman izan du beti BERRIAk bere sorreratik, eta, aurten ere, Rion (Brasil) gertatzen denaren berri emango du modu zorrotz eta erakargarrian: paperean argitaratuko duten eskaintzaren bitartez, webgune berezi batekin eta Seigarren uztaia telebista saioarekin, besteak beste.

Duela lau urteko Olinpiar Jokoetan egin zuen Berria telebistak aurreneko aldiz Seigarren uztaia saioa, eta ikusleen oniritzia jaso; 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan egindako berriemaile lanagatik BERRIAk Rikardo Arregi saria jaso zuen, paperean eta sarean egindako lanagatik. Oraingoan, formatua aldatuta iritsiko da Seigarren uztaia saioa, Lara Madinabeitia, Ander Gartzia eta Julen Aperribairen eskutik. Abuztuaren 5etik 22ra egunero egingo dute telebista saioa, webgunean 16:00etan hasita ikusi ahalko da —igandeetan izan ezik—. Ondotik, saioa osorik eta atalak zatikatuta ikusteko modua izango da Berria.eus-en.

Jokoei buruzko saioak hainbat atal izango ditu: adituekin elkarrizketa eta solasaldiak, erreportajeak, eguneko albisteen errepasoa... Enekoitz Telleria eta Imanol Magro BERRIAko kazetariak Rion ariko dira lanean artikuluak eta elkarrizketak idazten, eta saiorako bideo kronikak bidaliko dituzte sakelako telefonoen bidez. Danel Agirrek, bestalde, umorezko tarte bat egingo du; duela 75 urte Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariak Berlindik Riora itsasontziz egin zuen bidaiarekin lotutako tartea egingo du Agirrek. Eguneko irudiarekin emango diote egunero amaiera saioari. Tartean Brasilgo musika entzuteko modua ere izango da. Saioko gidariek nabarmendu dute BERRIAko Kirol saileko kazetarien ezinbesteko laguntza jasoko dutela egunero.

Interneteko eskaintza osatua egingo du BERRIAk, webgune berezi batekin. Jokoen berri zehatza emango dute atari horretan: euskal kirolariek egiten dutenaren berri zehatza emateaz gain, haietako bakoitzak bere atal propioa izango du. Kirolariaren soslaia, Rioko egutegia eta bestelako albisteak sareratuko dituzte. Webgune berezian, final esanguratsuen berri emango dute, eta sare sozialetan aipatzen dena ere sartuko dute. Rio 2016 Kaiera atala, gainera, Olinpiar Jokoen inguruko albisteekin, bitxikeriekin, erreakzioekin eta bestelako edukiekin hornituko dute, orduz orduko kontakizuna egiteko. Seigarren uztaia saioko bideo guztiak webgune berezi horretan ikusi ahalko dira. Jon Olano eta Jennifer del Rio izango dira webgune bereziaren arduradunak.

Paperean, BERRIAk Olinpiar Jokoen inguruko hamabi orrialdeko gehigarri bat argitaratuko du egunero, abuztuaren 4an hasita, Julen Etxeberriak koordinatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.