Txupinazoa zuzenean emango dute BERRIAk eta Euskalerria Irratiak

'Sanfermintza' magazina egingo du egunero irratiak, Herri Sanferminak plataformaren gunetik

Reyes Ilintxeta Euskalerria Irratiko esataria, Sanfermintza saioan gonbidatuak elkarrizketatzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2017ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Urteroko elkarlanak fruituak emango ditu aurten ere. Sanferminetako txupinazoa elkarrekin emango dute bihar Berria.eus eta euskalerriairratia.eus webguneek zuzenean, Iruñeko Udaletxe plazatik. Irratian, 10:00etan hasiko da kontakizuna, baina irudia 10:30etik aurrera eskainiko dute. Reyes Ilintxetak eta Juan Kruz Lakastak gidatuko dute saioa Seminario etxetik, eta Pello Argiñarena udaletxearen barruan izango da. Han, Joseba Asiron alkatea, zinegotziak eta txupinazoa jaurtiko duten DYA elkarteko kideak elkarrizketatuko ditu. Kalean ere izango dira irratiko kazetariak, izerdia eta edarien burbuilak nahasten diren lekuan.

La Pamplonesa musika bandaren, Duguna udal dantza taldearen, Erraldoien eta Kilikien konpartsaren eta hainbat peñatako kideen hamaiketakoa kontatuko du irratiak gero. Herri Sanferminak eta Txirikorda plataformetako kideekin mintzatuko dira. Eta Katakrak, Karrikiri eta Zaldiko Maldiko elkarteak bisitatuko dituzte.

'#SFK17' traola

Ostiralean sanferminetako gune berezia zabalduko du berria.eus-ek. Horretan, eguneko entzierroa ikusi ahalko da, eta jaiaren kontakizuna egingo dute. Arratsaldean, gainera, bideokronika egingo dute Iruñeko bi kazetarik, egunak eman duena kontatzeko. Egitaraua ikusi ahalko da gunean.

BERRIAk paperean argitaratuko dituen guztiak irakur ahalko dira gunean. Horrez gain, erraldoien konpartsaren historia kontatuko dute. Twitterren, #SFK17 traola erabiliko du BERRIAk, eta, jaiaren inguruko memeak egiteko, Memeloak taldea izango du lanean jo eta ke.

Euskalerria Irratiaren Sanfermintza saioaren audioa eskainiko du berria.eus-ek egunero, 12:00etatik 14:00etara. Uztailaren 7tik 14ra, magazina egingo du Euskalerria Irratiak Iruñeko Alde Zaharraren bihotzetik, O plazatik, alegia. Herri Sanferminak plataformak han izango duen guneko oholtzan arituko dira Argiñarena, Ilintxeta eta Lakasta. Xaloa telebistak grabatuko du saioa, eta arratsaldean pantailaratuko du.

ETB1ek 11:15ean hasiko du txupinazoa eskaintzeko saioa. Aritz Agirre eta Ilaski Serrano aurkezleek kontatuko dute. Aitor Perez kaletik arituko da, hango giroa hurbiletik transmititzen.

Horrez gain, Sanferminak 2017 saioa emango dute ETB1eko gauetan: ostegunean, larunbatean eta igandean.

Biharko saioa, 22:20an hasiko da. Txupinazoak utzitako irudirikonenak erakutsi eta egunari gainbegiratu bat emango diote. Gero, sanferminetako kantu zaharren bazkaria erakutsiko dute.

Euskadi Irratiak Iruñetik egingo du Faktoria saioa uztailaren 7an. Egunero, entzierroak kontatuko dituzte zuzenean Eli Erasok, Aritz Agirrek eta Iñaki Elorzak.

Horrez gain, La Pamplonesa bandaren dianak goizero emango ditu Euskadi Irratiak zuzenean Iruñeko kaleetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.