TVEk betoa ezarri dio Juan Carlos I.ari buruzko dokumental bati

Miguel Courtoisek zuzendu du lana.France3k laster estreinatuko du, 'prime-time' ordutegian

Juan Carlos I.a Espainiako errege ohia (eskuinean), Francisco Franco diktadorearen azken agerraldi publikoan. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
RTVEk Juan Carlos I.a Espainiako errege ohiari buruzko dokumental bat ez ematea erabaki du. Miguel Courtois zinemagilearen Yo, Juan Carlos I lanari oniritzia eman zion Leopoldo Gonzalez Echenique RTVEko presidente ohiak —2012ko ekainetik 2014ko irailera izan zen karguan—. Izan ere, Espainiako telebista publikoaren artxibo irudi asko erabili dituzte lanerako. Julio Somoano TVEko albistegi zuzendari ohiak —PPk jarritakoa— ere ez zuen arazorik lanarekin, eta bitartekari lanak egin zituen Cinéveté Frantziako ekoizpen etxearen eta TVEren artean. Baina, oraingo zuzendaritzaren arabera, lanak ez du interesik. «Produktuak ez du gaurkotasunik. Jada erregea ez den errege bati buruzkoa da», esan dio RTVEko bozeramaile batek Madrilgo egunkari bati. Ekainetik amaituta dago dokumentala, eta France3 kate publikoak luze gabe emango du, prime-time ordutegian. TVEk argi adierazi du ez duela emateko asmorik. Gaztelaniara ez dute bikoiztu ere egin.

Dokumentala egiten 2014ko lehen seihilekoan hasi zen Courtois —Lobo, GAL eta Operación E filmen zuzendaria—. Franco diktadoreak izendatutako erregeari elkarrizketa luze bat ere egin zion zinemagileak. Trantsizioaz eta erregearen rolaz hitz egiteko, bestalde, PSOEko Alfonso Guerra eta Alfredo Perez Rubalcaba elkarrizketatu zituen lantaldeak.

Filmaren muntaketa ikusi ostean, TVEk Frantziako ekoizpen etxeari eskatu zion PPko ordezkariren baten lekukotza sartzeko, «PSOEren presentzia orekatzeko asmoz». Courtoisek azaldu duenez, Ignacio Gomez-Acebo TVEko Estrategia eta Programazio zuzendari ohiarekin bildu zen, Parisen, eta hark esan zion «interesgarria» litzatekeela PPren ahotsen bat sartzea.

Espainiako Konstituzioaren lanketan parte hartu zuen PPko kideren bat elkarrizketatzea aztertu zuen ekoizpen etxeak, baina ez zuen jaso alderdi popularraren erantzunik. Egileak gogorarazi du IUko kiderik ere ez dela azaltzen lanean.

Cineteveko ekoizle eragile Lucie Pastorrek uste du ikus-entzunezko «ohiz kanpoko» testigantza bat dela errege bat bere erregetzaz aritzea, eta iruditzen zaio emisioa atzeratzen bada «bere zaporea» gal dezakeela.

Gomez-Acebok —martxoan kendu zuten kargutik, TVEko albistegi buru Jose Antonio Alvarez Gundinekin zituen desadostasunengatik— dokumentala ez emateko erabakia kritikatu du. Haren iritziz, filma «urrea» da edozein programatzailerentzat.

ETA Nafarroan, bart

Gaur-gaurkoa beste gai bat iruditu zaio TVEri: ETAk Nafarroan egin zituen atentatuak. Nafarroako Gobernuko presidente berria aukeratu zuten egun berean,Relatos de plomo estreinatu zuen atzo gauerdian La2ek, Documentos TV saioan. ETAk Nafarroan egin zituen atentatuetatik 11 simulatu dituzte lanerako, biktimen senideak elkarrizketatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.