ETB1ek %2,6ko kuota lortu du apirilean, 2015eko abuztutik handiena

ETB2ko albistegiak lider izan dira. TV3ek %15,1eko ikusle kuota bereganatu du Katalunian

urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Azkenaldian lortutako daturik handiena bereganatu du ETB1 kateak apirilean: %2,6ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, 2015eko abuztutik ez zuen hain datu onik lortzen —orduko hartan %2,7ko kuota lortu zuen euskarazko kateak—. 2016an, uztaila izan zen hilabeterik onena (%2,4), eta 2017an uztailean eta abenduan iritsi zen %2,4ra. Hortik gora ez du jo, joan den hilera arte.

Kirol emanaldiek eragina izan dute batezbestekoen gorakadan; 2014an eta 2017an, urte osoko kuota %2koa izan zen, eta 2015ean eta 2016an, %1,9koa. Aurten, martxotik apirilera sei hamarren egin du gorantz euskarazko kateak, eta gorakada horretan pilota emanaldiek izan dute zeresana. Esate baterako, eskuz binakako txapelketako finalak %16,2ko ikusle kuota lortu zuen apirilaren 8an. Azkeneko asteetan, halaber, datu onak izan dituzte buruz buruko txapelketako partidek. Nabaria da, gainera, larunbatetan eta igandeetan kateak askoz datu hobeak lortzen dituela astegunetan baino. Igande gauetan datu oso txukunak bereganatu ditu Herri txiki, infernu saioak azkeneko asteetan, denboraldi osoko joerari jarraipena emanez —atal batzuek %7ko kuota gainditu dute—.

Astegunetan dezente txikiagoa izaten da ETB1en batezbestekoa, eta nekez iristen da %1,5era. Hala ere, zenbait emankizunek lortu dute ikusleen arreta bereganatzea: apirilaren 17an, Altsasuko auziari buruzko erreportajeak %6,3ko kuota izan zuen, eta, horren ostean, Ahoz aho+ programak bere historiako daturik onena bereganatu zuen (%6,5).

ETB2 kateak, bestalde, %8,4ko ikusle kuota lortu du apirilean, aurreko hilabetean baino hamarren bat gehiago eta iaz sasoi berean baino sei hamarren gehiago. Katearen indargunea albistegietan dago. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ETB2koak dira ikusle gehien duten albistegiak; Nafarroan, aldiz, La1 katekoak dira liderrak.

Bien bitartean, hilabete berean ETB3k %0,3ko kuota izan du; eta ETB4k, %0,5ekoa.

Telebista kontsumoari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak 238 minutu pasatu zituen egunean telebistaren aurrean, eta Nafarroan, herritar bakoitzak 249 minutu. Dezente txikiagoa izan zen Katalunian telebista kontsumoa: egunean 224 minutu.

TV3ek, apiril onena 2011tik

Katalunian apaldu egin da telebista tradizionalaren kontsumoa, baina ikusten diren kateen artean katalanezko TV3 da nagusi: %15,1eko ikusle kuota lortu du joan den hilean, eta bigarren tokian gelditu denari 5,1 puntu atera dizkio. Horrenbestez, 2011tik apirilik onena izan da katalanezko kate publikoarentzat. Denboraldi honetako hilabeterik onenetan bigarrena izan da TV3entzat, urriaren ostean —erreferendumaren hilabetea—. Esanguratsua da prime time ordutegian TV3ek apirilean izan duen datua: %16,7ko ikusle kuota, eta bigarrenari 6,2 puntu atera dizkio.

Kataluniako kate publikoaren albistegiek, bestalde, askoz ikusle gehiago dituzte Espainiako kate jeneralisten albistegiek baino: TV3ekoek %25,1eko kuota izan dute batez beste; La Sextakoek, %10,4koa; Antena3 katekoek, %9,7koa; Tele5koek, %9koa; eta La1koek, %8,4koa.

TVGk ere gora egin du

Galizian, TVGk %10,1eko ikusle kuota bereganatu du apirilean; galegozko kate publikoak bi hamarren egin du gorantz azkeneko hilabetean; TVG2 kateak %0,7ko kuota izan du. Gehien ikusten diren albistegiak Tele5koak dira. Herritar bakoitzak, bestalde, 232 minutu pasatu ditu egunean telebistaren aurrean.

Espainian, bi komunikazio talde handik ikusleen erdiak baino gehiago bereganatzen dituzte: Mediaseteko kateek %29,5eko kuota izan dute, eta Atresmediakoek, %26,8koa. TVEren kateek %16,1eko kuota dute. Ikusle gehien izan duten bost emanaldiak futbolekoak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.