Formatu berriak aurkeztu dituzte Cannesko Mip TV telebista ferian

Emakumeek telesailetan duten itzal gero eta handiagoaz aritu dira aste honetan eginiko azokan

Antolatzaileen arabera, 10.000 pertsona ibili dira aurten Mip TV azokan, iaz baino 1.500 gutxiago. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Edu Lartzanguren.
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Frantziako garraio greba gorabehera, telebistaren munduko Mip TV azoka egin dute astelehenetik ostiralera arte Okzitaniako Cannes hirian. Antolatzaileen arabera, 10.000 pertsona inguru ibili dira nazioarteko telebista produktuak ikusten eta erakusten, iaz baino 1.500 gutxiago. Profesionalentzako azoka da Mip TV; mundu osoko kateetako eta ekoiztetxeetako ordezkariak elkartzen dira ferian, telesailak, dokumentalak, eta telebistarako formatuak saltzeko eta erosteko. Aurtengoan, 886 erosle gehiago bildu direla esan dute antolatzaileek.

Mendebaldekoak ez diren merkatuak izan dira protagonista aurtengo azokan. Nigeria eta Txina nabarmendu dira. Afrikako herrialdean lan handia egiten ari dira ikus-entzunezkoen alorrean, eta hango formatuak mundura saldu nahi dituzte. Telebistarako ideia bat da formatu bat, lehiaketa bat egiteko, reality bat... Ideiatik abiatuta, herrialdez herrialde bertsio propioak egiten dituzte. Herbehereetako Endemol Shine ekoiztetxeak, esaterako, bat egin du Cannesen Txinako Vision Media konpainiarekin, Txinako Puzzle Wizards lehiaketa formatua zabaltzeko. Urtarriletik ematen ari dira saioa Jiangsu telebistan, eta talentu ikuskizun bat da, baina, abeslariak erakutsi beharrean, puzzlegile gazte ezezagunen trebezia erakusten dute.

Horrez gain, Belgikako Matchmakers formatua aurkeztu dute Cannesen. Kamera ezkutuak erabiltzen ditu saioak: kuadrillako ezkongabeei bikotekidea topatzeko konspirazioan arituko dirahaien lagunak.

Espainiako Antena3 telebistak, berriz, Ellen DeGeneresen Game of Games lehiaketaren formatua erosi du, bere bertsioa egiteko. Red Bull konpainiak Mission to the Moon izenburuko reality-a aurkeztu du: Apollo 17 misioaren bidaia berriz egin nahi dute lehiakideekin, eta zuzenean eman telebistan.

Emakumeak telesailetan

Aurkezpenen artean, mahai inguruak egin dituzte Cannesen telebistagintzaren inguruko gaiak lantzeko. Horietako batean, asteazkenean, telesailetan gero eta emakumezko pertsonaia konplexuagoak agertzearen atzean dauden arrazoiak aztertu zituzten Pascal Breton Federation Entertainmenteko presidenteak, Bambu Produccioneseko Teresa Fernandez-Valdesek, Canneseries telesail jaialdiko presidente Fleur Pellerinek eta Audrey Fouche gidoilari eta zuzendariak. Ondorio batera heldu ziren: emakumezko pertsonaia konplexuak agertzen ari dira, emakume gehiago dabiltzalako telesailak ekoizten, zuzentzen eta programatzen. Edonola ere, fenomenoa batez ere AEBetan gertatzen ari dela nabarmendu zuten, Europako hegoaldean, oraindik ere, zuzendariaren figura mitifikatuta dagoelako, eta gidoilariaren aurretik jartzeko joera dagoelako. «Ez dira emakumezko gidoilariak falta, emakumezko zuzendariak baizik», esan zuen Fouchek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.