Antxetaren hegaldi emankorra

15 urte bete ditu Antxeta Irratiak.Urteurreneko kanta eta egitaraua aurkeztuko dituzte ostiralean

Aitor Errazkin, Maia Muruaga eta Koldo Nausia Antxeta Irratiko kazetariak, Hendaiako egoitzan. ASIER PEREZ-KARKAMO.
urtzi urkizu
2016ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Antxeta bat baino gehiago bada hegoak astintzen dituena: hankabeltza, mokogorria, burubeltza, arrosa... Euskarazko uhinetan, berriz, Antxeta bakarra dabil hegan. Hamabost urte bete ziren otsailaren 18an Antxeta Irratiak lehen hegaldia egin zuenetik, eta datozen hilabeteetan urteurrena ospatzeko askotariko ekitaldiak egingo dituzte. Gaur, topaketa gastronomikoa egingo dute Irunen (Gipuzkoa), Bidasoako EKT elkartean, 18:30ean; Ukrainako sukaldari bat eta Mexikoko bat gonbidatu dituzte. Ostiralean, Pausuko (Urruña, Lapurdi) Xaia ostatuan egingo dituzte ospakizuna eta urteurren kanpainaren irekitze ofiziala. Luz de Putas taldeak Antxetari eskainitako Olatuen uhinak orrazten kanta aurkeztuko du —Egoitz Zelaia bertsolariak sortu ditu hitzak—.«Datozen hilabeteetan urteurrena ospatzeko egingo ditugun ekitaldien berri emango dugu ostiralean», azaldu du Koldo Nausia Antxetako kazetariak. Urteotako bidea laburbiltzen duen liburuxka bat ere idatzi dute. Apirilean, maiatzean eta ekainean, erakusketa ibiltari bat egingo dute eskualdeko bost artistaren lanekin. «Ekarpen bat egin nahi dugu ekitaldi bakoitzean».

Ospakizunez harago, hamabost urte hauen balantzea «oso baikorra» dela goraipatu du Nausiak. Euskal Irratietako laugarren hanka gisa jaio zen irratia. «Eskualde berezi batean sortu ginen, Irun, Hondarribia, Hendaia, Pausu [Urruña] eta Biriatu elkarri lotzeko helburuarekin, jakinda euskara dela herri hauetan elkarrekin dugun bakarra». Alde horretatik irratiak urratsak egin dituela uste du Nausiak. «Edo, behintzat, bidelagun izan gara. Herrietako eragileekin sustrai sendoak sortu ditugu».

Antxetak urteotan bi norabideko lana egin duela nabarmendu du Nausiak: «Batetik, Euskal Irratiak eskualdean txertatzea lortu dugu, Ipar eta Hego Euskal Herriko lotura eginez, entzuleak bilduz. Eta, bestetik, informazioaz gain, ekarpen polita egin dugu hainbat dinamikatan: kultur aniztasunean, emakume etorkinekin lanean, ikastetxeetan, euskaltegietan...». Eskualdekoek elkar ezagut dezaten lagundu du urteotan euskarazko irrati komunitarioak. Euskal Herriko Arrosa sareko kide izateaz gain, AMARC Munduko Irrati Komunitarioen Elkarteko kidea ere bada Antxeta.

Antxetako kideak ziur dira bide luzea egiteko duela irrati komunitario gisa. Nausiak dio parekidetasunaren, bizikidetzaren, kultur aniztasunaren eta euskararen normalizazioaren alorretan lanean jarraituko duela Antxetak. «Lan handia dago egiteko, eta horretan ariko gara kontuan hartuz herritarren eskura gaudela». Eragileei zein norbanakoei saio bat egiteko atea zabaltzen die Antxetak. Hori gauzatzeko tailerugari egin dituzte urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.