Ezusteko omenaldiak ardatz dituen saio bat hasiko da igandean ETB1en

'Asko maite zaitut' programaren zazpi atal grabatu dituzte.Astero bi istorio kontatuko dituzte

Zuhaitz Gurrutxaga izango da ETB1eko Asko maite zaitut saio berriko aurkezlea. ETB.
urtzi urkizu
2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Herri txikiak omentzen hasi, eta pertsona konkretuak omenduko ditu igande gauetan ETB1ek. Amaitu berria da Herri txiki, infernu handi saioaren denboraldia, eta igande honetatik aurrera, ordu berean, Asko maite zaitut programa berria emango du euskarazko kateak. Berde Produkzioak ekoizpen etxeak sortutako ideia bat garatu du Orio etxeak, eta zazpi atal grabatu dituzte. Bakoitzean bi istorio pantailaratuko dituzte, bi maitasun aitortza.

Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuko du Asko maite zaitut saioa, eta Luis Oiartzabal kazetaria izango da zuzendaria —Herri txiki, infernu handi-ren bigarren denboraldia ere berak zuzendu du—. «Istorio bakoitzean omenaldi bat egingo zaio pertsona konkretu bati, edo bikote bati. Omenaldi hori ingurukoek egiten diote, eskertzeko haiengandik egindakoa», azaldu du Oiartzabalek. Askotariko kasuak izango dituzte: batean, biloba batzuek «asko maite zaitut» esan nahi diote beren amonari; bestean,dantza eskola bateko ikasleek egindako lana eskertu nahi diete eskola martxan jarri zutenei. Lehen atalean, muskulu distrofia duen mutiko baten amari omenaldia egingo diote ingurukoek. Horrez gainera, Donostiarra arraun elkartean lanean aritzen diren bi boluntario izango dira protagonista. Trainerua Trintxerpetik Donostiako kaira eramateaz arduratzen dira, eta arraunlariek eskerrak emango dizkiete saioan.

Omenaldiaren bitartez, protagonistei ingurukoek «asko maite zaitut» esango diete. «Euskaldunoi hori esatea kosta egiten zaigu, eta neurri batean hori ere bilatzen da saioan», esan du programako zuzendariak.

Istorio bakoitzean omenduak ez du jakingo omenaldia jasoko duenik, eta ingurukoek ezusteko polita prestatuko diote. «Konplizeak izango ditugu, omendua toki batera eramateko, eta gustuko duten zerbait egingo zaie kasu batzuetan. Haientzat esanguratsua den zerbait egingo zaie».

Istorio edo omenaldi bakoitzak hiru parte izango dituela iragarri du Oiartzabalek: «Lehen partean, omendua ezagutuko dute ikusleek ingurukoen hitzen bitartez. Beste parte bat omenaldi bera da. Eta hirugarren parte batean, Gurrutxagak solasaldi bat izango du omenduarekin hark ezer jakin gabe, kamera ezkutua erabiliz». Parte hori grabatzeko ere «konplizeak» erabiltzen ditu saioko lantaldeak. «Gurrutxaga ahalik eta modu naturalenean aritzen da, eta orain arte inork ez du ezer arraroa sumatu».

Oiartzabalek nabarmendu du formatua ez dutela beste inondik hartu, eta Berde Produkzioetako kideek asmatutakoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.