Antxeta, Donostialdean hegan

Irratiak programazio egokitua eskainiko du asteartetik aurrera Donostiako eta inguruko zortzi herritan

Donostian, Buruntzaldean eta Oiartzualdean FMko 105.8an entzuten da Antxeta irratia. NICOLAS MOLLO.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Hendaiako (Lapurdi) estudiotik Donostiara eta inguruko zortzi herritara emititzen hasi zen Antxeta irratia maiatzean, FMko 105.8 frekuentzian, lizentzia lortu ostean. Lehen hilabeteetan, Bidaso aldean entzuten den emisio bera izan da herri horietan, baina datorren asteartetik aurrera programazio egokitua emitituko du. Antxeta irratiko koordinatzaile Aitziber Zapirainek azaldu duenez, saiatuko dira Ipar Euskal Herriko informazio zuzena eskualde horietara eramaten. «Elkarlanean ari gara Euskal Irratiekin, Arrosa sarearekin eta Radiokulturarekin, eta horien irratsaioak emitituko ditugu. Elkarlan horren araberako programazioa eskainiko dugu asteartetik aurrera», iragarri du Zapirainek. Saioen artean Arrosa sareko Zebrabidea magazina ere izango da—Nekane Zinkunegik aurkezten du Donostiatik, astegunetan, 16:00etatik 18:00etara—.

Antxetaren programazio egokitua Gipuzkoako honako herri hauetan entzun ahalko da —Donostiaz gain—: Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta, Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzun.

Donostia inguruan Antxetak ez du egoitza propiorik, oraingoz. «Ez gara horretara iritsi, baina ez dugu baztertzen. Errealitatearen eta beharren arabera ikusiko dugu etorkizunean zer egin», adierazi du irrati libreko koordinatzaileak.

Proiektuaren «zabalpena» egingo du Antxetak datozen asteetan Donostian, Buruntzaldean eta Oiartzualdean.

Nafarroan, Bera inguruan ere entzuten da Antxeta irratia. «Xorroxin irratiarekin elkarlanean aritzen gara, eta egunero Berako informazioa eskaintzen dugu. Antxetatik Berara irratsaioa ere egiten dugu», azaldu du Zapirainek. Beran, 2013an lortu zuen irrati lizentzia Antxetak.

Zapirainek uste du gobernuen lehiaketetan beste enpresa batzuekin lehian aritu beharrean irrati libreak legez onartu beharko liratekeela: «Kontuan izan behar da Arrosa sareko irrati gehienek ez dutela lizentziarik, eta modu irregular batean ari direla emititzen, segurtasunik gabe».

Bestalde, Frantziako irrati komunitarioen biltzarra egingo dute datorren astean Miarritzen (Lapurdi). Azken egunerako, ostiralean, Antxetak, Mundubat elkarteak eta SNLR irrati libreen sindikatuak mahai inguru bat antolatu dute Donostian. Herri komunikabideak hizkuntza minorizatuak biziberritzeko tresna al dira? izenburupean, San Telmo museoan egingo dute. Solaskideak honako hauek izango dira: Franck La Rue Unescoko komunikazio zuzendaria, Damian Loreti abokatua, Emmanuel Boutterin Amarc elkarteko presidentea eta Maite Ubiria kazetaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.