'Ur handitan' lider euskaldunen artean, %16,5eko ikusle kuotarekin

'Haur motxiladunen' erreportajeak ikusmin handia piztu zuen. Covitek ETBren aurka jo du
Garik kartzelan ditu ama eta aita. <em>Ur handitan</em> saioko protagonistetako bat izan zen astearte gauean.
Garik kartzelan ditu ama eta aita. Ur handitan saioko protagonistetako bat izan zen astearte gauean. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko urtarrilak 11
ETB1eko Ur handitan saioak bere ibilbideko ikusle datu onenak bereganatu zituen asteartean, Motxiladun umeak erreportajeari esker. 70.000 lagunek ikusi zuten osorik, eta %7,8ko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —euskaldunen artean gehien ikusi zen emanaldia izan zen bere ordutegian, %16,5eko kuotarekin—. Audientzia metatuari dagokionez, 112.000 herritarrek egin zuten bat uneren batean emankizunarekin —ETBren arabera, azken datu hori EAEri eta bere eragin esparruari dagokio—. Gainera, ETB1ek astearte osoan izan zuen audientziari %44,4ko ekarpena egin zion Ur handitan-ek. Ikusle ratioa %3,1 izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oso gutxitan lortzen ditu euskarazko emanaldi batek halako datuak, kirol emankizunak salbu.

Salbuespentzat jo daiteke ETB1eko erreportaje bat liderra izatea eta hain datu onak lortzea. Esate baterako, iaz otsailaren 3an, %7ko ikusle kuota lortu zuen Go!azen telesailarekin lotutako Basakabi barrutik erreportajeak. Baina ikusle kopurua kasu horretan 48.000 izan zen, Ur handitan saioak herenegun lortutako datutik urrun.

Haur eta gazte motxiladunei buruzko saioak erreakzio ugari piztu zituen sare sozialetan. Ikusle askok txalotu zuten presoen seme-alaben jarrera. Eneko Oroz txiolariak —@lasartearra— proposatuta, erreportajea beste hizkuntza batzuetan azpidaztera ekin diote hainbat lagunek. Larunbateko manifestazioa baino lehen, ahalik eta hizkuntza gehienetan azpidatzi nahi dute erreportajea.

Kexu azaldu da, beste alde batetik, Covite biktimen elkartea. EITBri egotzi dio «ETA zuritzearen zerbitzura» egotea. Bereziki kritikatu du haurren guraso presoen izen-abizenak edo horiek espetxean egoteko arrazoiak ez azaltzea. «Saioak bere egiten ditu ezker abertzalearen postulatuak, inolako kritikarik gabe, eta terrorismoaren deslegitimazioa oztopatzen du», salatu du elkarteak.

Erreportajea osorik ikus daiteke EITBren Interneteko nahieran zerbitzuan. Ur handitan saioa hirugarren denboraldian da; aurrenekoa Jaime Otamendik aurkeztu zuen, eta iaztik Xabier Madariaga da gidaria. Baleuko ekoizpen etxeak egiten du.

Urriaren 1a TV3 katean

TV3 kateko Sense ficció saioak ere inoizko datu onenak lortu zituen astearte gauean. Urriaren 1eko erreferendum egunari buruzko dokumental bat eman zuten bertan, herritarren lekukotzekin eta politikarien parte hartzerik gabe. %34,4ko ikusle kuota lortu zuen —1.135.000 ikus-entzule—. Mediaprok ekoitzi zuen lana, eta Lluis Arkarazok zuzendu zuen. Sare sozialetan oihartzun handia izan zuen dokumentalak: Twitterren 115.000 mezu idatzi zituzten ikusleek, #1octubreTV3 hashtag-a erabilita. Mundu mailako trendic topic izatea lortu zuen. Interneten ikusgai dago 1-O izeneko lana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna