'1, 2, 3... hemen da Miru' egunero emateari ekin dio Hamaikak

Goierri TB, 28 kanala, Erlo TB, Oizmendi TB, Xaloa eta Goiena tokiko kateetan ere ikus daiteke

Sonia Ezkerrak jokatzen du Miru sorginaren rola 1, 2, 3... hemen da Miru saioan. KILIKLON.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Hamaika telebistak eta euskarazko tokiko sei katek 1, 2, 3... hemen da Miru haurrentzako saioa ematen dute. Hamaikan egunero ikus daiteke programa: astegunetan 20:00etan, eta asteburuetan, berriz, 08:30ean. Era berean, hainbat ordutegitan ikus daiteke Goienan, Xaloan, Oizmendi TBn, Erlo TBn, Goierri TBn eta 28 Kanalean.

Duela aste gutxi ekin dio Kiliklon ekoiztetxeak programa grabatzeari, baina esperientzia luzea du neska-mutikoei zuzendutako edukiak lantzen —hemezortzi urte dira herriz herri ikuskizunak eskaintzen dituela—. Kiliklonek aspalditik zuen telebista saio baten erronka, Sonia Ezkerrak —Miruren rola jokatzen du— azaldu duenez. «Tokikom eta Infosare osatzen duten tokiko telebistei aurkeztu ondoren, aurrera egitea erabaki genuen».

Miru izeneko sorgina da programako gidari nagusia. «Sorgin oso dibertigarria da. Gauza asko egitea gustatzen zaio, baita amestea ere», esan du Ezkerrak. «Irudimen handia du, haren istorioak entzuten dituzten haurrek bezala. Batzuetan, ezbeharren bat edo gustuko ez duen zerbait gertatzen zaionean, bere lagunekin partekatzen du, eta sentimenduak azaleratzen ditugunean hobeto sentitzen garela erakusten du».

Programan kontatzen diren ipuinetan hezkidetza nagusitzen dela nabarmendu du Ezkerrak. «Badira hainbat eta hainbat ipuin oso baztertzaileak direnak. Berdin-berdin kontatzen dira, ez dakit erosotasunagatik edo ez dugulako arreta nahikoa jartzen. Gure saioan ikusiko dugu nola konta daitezkeen istorio harrigarriak, pertsonaiari inolako aurreiritzi edo jarrerarik ezarri gabe haren sexuagatik edo ezaugarri fisikoengatik». Irizpide sexistei jarraikiz, gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio eta jarrerak kontuan hartu gabe heztea; hori da hezkidetza, eta Kiliklonek horrekin bat egiten du.

Miru sorgina ez dago bakarrik saioan. Haren lagunen artean daude Buruliburu, Pelox, Zurrun kapitaina, DJ Porru, Xurdin, Zirri eta Borro, Borobil familia eta Txorotxarangako kideak.

Sukaldeko trikimailuak

Ipuinak, pertsonaiekin izandako solasaldiak eta bestelako edukiak biltzen dira programan. Neska-mutikoei kozinatzen ikasteko aukera ere ematen die Miruk. «Askotan, etxeko txikienei mugak jartzen dizkiegu zenbait eremutan. Horietako bat sukaldea da, agian min hartzeko arriskuagatik. Baina oso garrantzitsua da jaten dutena nondik datorren eta nola prestatzen den ikastea», adierazi du Ezkerrak. «Horregatik, Miru oso modu dibertigarrian aritzen da jaki goxoak eta osasungarriak nola prestatzen diren erakusten. Kontatzen didatenez, neska-mutikoak harro sentitzen dira beraiek kozinatutakoa jaten dutenean».

Ezkerrak espero du 1, 2, 3... hemen da Miru-k urte luzez jarraitzea tokiko telebistetan. «Jende askoren berotasuna iristen ari zaigu, eta orain arte bezala jarraitzen saiatuko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.