Hitz batzuk ez dira iraungi

'Esguard' aldizkariak zenbaki berezia atera du, erbesteratu eta presoen elkarrizketa zaharrekin

Kataluniako presoak eta erbesteratuak Esguard aldizkariaren azal askotan azaldu dira azkeneko hilabeteetan. ESGUARD.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«PPk oso argi ditu bere helburuak. Haiek beti suntsitu nahi izan dute gure hizkuntza eta nortasun katalana, eta Katalunia suntsitu nahi izan dute haien herrialde uniforme, hizkuntza bakarreko, homogeneo eta homogeneizatuaren irudia dutelako». Carme Forcadellek 2012. urtean egin zituen hitzok Esguard katalanezko aldizkari digitalean —gailu eramangarrientzat propio sortutako katalanezko lehena da—. Forcadellen elkarrizketa hura eta beste preso eta erbesteratu katalan batzuekin egindakoak bildu dituzte zenbaki berezi batean. 2012tik 2017ra egindako elkarrizketak dira. Germa Capdevila Esguard aldizkariko sortzaile eta zuzendariaren iritziz, orduko adierazpenek «gaurkotasun harrigarria» dute, nahiz eta batzuk duela bost urte baino gehiagokoak izan. «Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren arteko gatazkaren erakusgarri onak dira».

Atzo argitaratu zuen Esguard-ek zenbaki berezia. 2014koak diraOriol Junquerasen —Estremerako kartzelan lau hilabete daramatza preso— honako hitz hauek: «Espainiako botere politikoak beti egin du gauza bera: tresna guztiak erabili ditu haren interesak eta pribilegioak defendatzeko. Botere politikoa monopolizatzen dutenen pribilegioak dira, eta horiek Estatuaren goi funtzionario batzuen familiak dira. Politika uzten dutenean, administrazio kontseiluetan sartuko dira, hain zuzen ere sektore publikoak araututako enpresetan».

Jordi Cuixart —bost hilabete daramatza preso Soto del Realen— 2016an agertu zen Esguard-eko azalean, eta hala esan zuen: «Espero dut ez gaituztela muturreko egoeratara eramango. Baina uste dut une bat iritsiko dela non herriak berriro indar bakezaleko erakustaldi bat egin beharko duen, eta herri borondate irmo bat erakutsi». Azken egunetako egunaren ispilu da Cuixarten honako esaldi hau ere: «Egun libre diren nazio guztiek antzeko egoerak bizi dituzte. Argi dugu herriak hala eskatzen duenean haren seme-alabak kalera aterako direla, askatasun nazionalak defendatzera. Hala egin genuen 1977an, 2014ko azaroaren 9an, eta behar den guztietan egingo dugu».

Halaber, zenbaki berezian Jordi Turullekin eta Toni Cominekin 2014an egindako elkarrizketak irakur daitezke.

Aldizkari bat euskaraz

Esguard aldizkaria 2012ko irailaren 11n kaleratu zuten, propio tabletetarako eta sakelako telefonoetarako. Asteazkenero argitaratzen da, eta astero 15.000 deskarga ditu batez beste. Capdevilak azaldu duenez, iaz paperezko aldizkari bat argitaratzeari ekin zioten —hiruhilabetekaria da—: «Harrera beroa izaten ari da».

Capdevilak iragarri du Esguard Publicacions enpresa euskarazko aldizkari bat sortzeko lanean ari dela: «Proiektuak 2018ko bigarren seihilekoan ikusiko du argia. Esguard-en eredua errepikatuko dugu, baina Euskal Herritik sortua izango da, tokiko bazkideekin eta tokiko ikuspegiarekin». Euskal hedabide batzuekin batera lantzen ari dira proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.