ETB3k musika talde baten sorrera jasoko du '3zpa4!' saio berrian

Astelehenean estreinatuko dute, 20:30ean. Goizetan '3txulo' itzuliko da, berrikuntza batzuekin

3zpa4! saio berria eta 3txulo berritua aurkeztu zituzten atzo Miramongo egoitzan, Donostian. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
ETB3 kateak neska-mutikoentzako programazioa indartuko du datorren astetik aurrera: batetik, 3txulo berritua itzuliko da goizetara (08:15); eta, bestetik, 3zpa4! programa berria emango dute iluntzetan (20:30). Saio berri horretan, musika talde bat osatzen saiatuko dira lau gazte, eta bidean sortzen zaizkien zalantzen eta arazoen berri izan ahalko dute ikus-entzuleek. Astero musika emanaldi bat prestatzen ibiliko dira, asteko bideoklipa aurkezteko. Horrez gain, tarteka ezustekoak izango dituzte: Go!azen-eko aktoreen bisitak izango dituzte, eta Twin Melodyren —Paula eta Aitana Etxeberria— bideoak jasoko dituzte beren aholkuekin.

Saio berriaren aurrerapen gisa, gaur, bihar eta etzi ETB3k 1,2...3zpa4! izenburuko saio bereziak emango ditu. Gaurko saioan, lau protagonistek —Ander Elordui, Maitane Lopetegi, Ekain Ibarguren eta Mikele Arizkorreta— erronka berria nola hartzenduten ikusiko da; orain arteko beraien bizitza erakutsiko dute, eta lauren arteko lehen topaketa egingo. Bihar, Go!azen-eko aktoreekin batera azalduko dira Donostiako Kursaalean. Hirugarren saio berezian, saioak grabatuko dituzten estudioak ezagutuko dituzte, eta lehen atala grabatuko dute.

Itziar Gomezek zuzenduko du saio berria. Iragarri duenez, gaztetxoek ezagunak dituzten kanten bertsioak interpretatuko ditu talde sortu berriak: «Go!azen-en osatutako koreografiak ere erabiliko dituzte gazte protagonistek, gaztetxoek horrela ezagutzen baitituzte abestiak». Saioaren abesti propioa, berriz, Iker Lauroba musikariak konposatu du. «Datorren denboraldiari begira, abesti berriak konposatuko ditugu».

Lau gazte protagonistek badute ilusioa kontzerturen bat emateko. «Badugu asmoa uda partean kontzerturen bat egiteko», esan du Gomezek.

Baleuko eta Pausoka ekoizpen etxeak aurreneko aldiz elkarlanean ariko dira bai 3zpa4! bai 3txulo berria egiten. «Oso pozik gaude bi ekoizpen etxeen elkarlanarekin. Lantalde bat osatu dugu, eta ekoizpen etxe bakarra izango bagina bezala ari gara».

Atal berriak '3txulo'-n

3txulo saioa abenduan kendu zuten programaziotik, baina berrikuntzekin itzuliko da datorren astean: Pika-Pika atalean, bideoklipak aurkeztuko dituzte Xbelek (Zuriñe Hidalgo), 4rak (Amancay Gaztañaga) eta 2ttorrek (Iker Galartza); Top-era atalean, zerrendak osatuko dituzte. Halaber, 3txulo-ko kantuen bertsioak bidali ahal izango dira, eta haien zerrendak osatu; eta 3zpa4! saioko gazte taldeak egiten duenari ere jarriko dira 3txulotarrak. ETB3 indartzeko beharra nabarmendu dute Nerea Zendoia ETBko haur programazioko arloburuak eta Gomezek berak. «3zpa4! bezalako saio bat behar du ETB3k, gaztetxoengana heldu eta haiei bide emateko», azaldu du Gomezek. Lau gazte protagonistek aitortu dute «gogoz» eta «ilusio handiz» daudela 3zpa4!-n aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.