BBCk telebista kate berri bat sortuko du Eskozian udazkenerako

Urtean 36,4 milioi euroko aurrekontua izango du, eta ekoizle batzuek diote diru urria dela hori

BBCren Glasgowko egoitzan 250 kazetarik egiten dute lan gaur egun. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
BBCk kate berri bat izango du Eskozian udazkenean, eta 19:00etatik gauerdira emango ditu egunero emankizun berriak —programazioaren erdia errepikapenekin osatuko dute—. Astegunetan albistegi bat egingo dute, 21:00etan —asteburuetan buletin laburragoak egingo dituzte—. Eskoziako bizitza islatuko dute ekoitzitako programa berrietan. Fikziozko saio berriak ere estreinatuko dituzte. Ofcom erakunde erregulatzaileak —datozen hamar urteetan Erresuma Batuko telebista kontrolatuko du— behin-behineko onespena eman dio katearen sorrerari. Hilaren 18an emango du behin betiko erabakia, eta bitartean kontsultak egingo dituzte adituekin.

BBCk iragarri du albistegietan eta aktualitateko saioetan istorio eskoziarrak, britaniarrak eta nazioartekoak kontatuko dituztela, «ikuspuntu eskoziar batetik begiratuta».

Telebista publikoak finantzaketaren berri ere eman du. Urtero 36,4 milioi euroko izango du BBCren kate berriak —telebista aparailuen gida elektronikoan BBC Four-ek okupatzen duen tokia hartzea proposatu dute—. Katearen arduradunentzat diru hori nahikoa bada ere, Eskoziako ekoizpen etxe batzuek kritikak egin dituzte. Caledonia TV ekoizpen etxekoek, esate baterako, esan dute diru hori ez dela nahikoa izango kalitate handiko eduki originalak urtero ekoitzi ahal izateko.

Askotariko kritikak

Kevin McKenna The Guardian egunkariko zutabegileak, berriz, idatzi du BBCren Eskoziako 250 kazetariek «talentu handia» dutela, baina gogor jo du haien arduradunen aurka. McKennak dio «sekulakoa» dela sailetako arduradunen irudimen eta sormen falta, eta kazetariek sarri «ilusio galtzen» dutela.

Caledonia TVk bezala, beste ekoizpen etxe batzuek esan dute urria izan daitekeela urteko aurrekontua, baina kateak lanerako aukerak zabalduko dituela.

Itxaso Moreno aktoreari —hogei urte daramatza Erresuma Batuan lanean, eta horietatik hamasei Eskozian— iruditzen zaio BBCk «rol probintziala» ematen diola Eskoziari. «Baina Eskozia herrialde bat da, ez probintzia bat. Uste dut BBCk kondeszendentziaz jokatzen duela Eskozian albisteen kate propio bat ez eginda», gaineratu du.

Ekoizpen etxe independenteen artean, aurrekontua nahikoa izango den ala ez da eztabaida nagusia, baina Morenoren iritziz bada galdera garrantzitsuagorik: «Benetako galdera da ea saioen ikuspuntua benetan Eskoziakoa izango den, eta ez Erresuma Batukoa. Nire ustez, BBCk ikuspuntu zentralista dauka, eta eduki gehienek Ingalaterrarekin dute lotura». Aktore euskaldunak ontzat jo du udazkenean iritsiko den kate berria, baina nabarmendu du edukietan Eskoziaren berezitasunak hartu beharko dituela aintzat. «Gaur egun behintzat, BBCk ez du aintzat hartzen herrialdearen idiosinkrasia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.