Antxeta irratiak emisioei ekin die Donostian eta inguruko herrietan

Jaurlaritzak behin-behineko frekuentzia eman dio. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia falta da

Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzailea eta Jon Aranburu Arrosa sareko kidea, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Duela hamabost urte sortu zenAntxeta irratia, eta Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) eta Hendaian, Pausun (Urruña) eta Biriatun (Lapurdi) ekin zien emisioei. Euskarazko irrati komunitarioak 2013. urtean frekuentzia bat lortu zuen Nafarroan, Bera inguruan emititzeko. Eta, orain, Donostialdera zabaldu da: maiatzaren 2an, Eusko Jaurlaritzak behin-behineko epe baterako Donostialdea eskualderako frekuentzia eman zion —2011. urtean antolatutako lehiaketan eskuratu arren, auzibideetan luzatu da afera—. Eta, aste honetan, FMko 105.8 frekuentzian Antxeta irratia Donostian eta honako zortzi herri hauetan hasi da emititzen: Oiartzun, Lezo, Pasaia, Errenteria, Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria eta Urnieta.

Donostialdeko euskarazko frekuentziaren azkeneko erabakia datorren astean jakingo da. Espainiako Auzitegi Gorenean asteazkenean aztertuko dute gaia; Jaurlaritzak helegitea jarri zion Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiari.

Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzaileak nabarmendu du «gorabehera handikoa» izan dela frekuentziaren auzia azkeneko urteetan: «Baina badirudi argia ikusten hasiko garela, eta,lau urtez auzitegi batetik bestera ibili ostean, azkenean lortuko dugula irrati komunitario gisa legezko frekuentzia bat Gipuzkoan».

Arrosa sarearen eskaera

Oraingoz, Bidasoa Beherean—Irun, Hendaia, Hondarribia— eskaintzen duen programazioa eskainiko du Antxeta irratiak Donostian eta inguruko herrietan. Udazkenaren amaieran ekingo diote programazio propioari Donostialdean. Horretarako, eskualdeko herri mugimenduak eta euskaltzaleak bide lagun izango dituztela iragarri du Zapirainek. «Etorkizuneko entzuleen beharrak identifikatu nahi ditugu. Irratiaren bidez egingo dugu lana, funtsezkoa izan dadin eta herritarren beharrak ase ditzan», adierazi du irratiko koordinatzaileak.

Arrosa irrati sareko kide Jon Aranburuk esan du «poztekoa» dela Antxetak lortu duena. Euskal Irratietako emisorari babesa adierazi dio Arrosako ordezkariak. Gogorarazi du lau urte joan direla lehiaketa prozesua martxan jarri zenetik. «Eta legeak berean segitzen du. Horrek gero eta desoreka handiagoa ekarri du, dialean euskarazko irratien proportzioa txikiagoa baita 2012an baino». Arrosak Jaurlaritzari eskatu dio Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako irrati komunitarioen sektorea erregulatzeko, legebiltzarrak onartu zuen ebazpena jarraituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.