ETBk ez du egingo 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioaren atal berririk

Sei atal izan ditu programak, eta ETBk adierazi du bete duela «aurrez planifikatutako zikloa»
Pertsona ezagun batzuk hainbat gairi buruz hitz egiten azaldu dira ETB1eko saioan, sei astez.
Pertsona ezagun batzuk hainbat gairi buruz hitz egiten azaldu dira ETB1eko saioan, sei astez. ETB

Urtzi Urkizu -

2017ko otsailak 18
Sei aste baino ez du iraun ETB1 kateko Euskalduna naiz, eta zu? saioak. Aste honetan eman dute seigarren eta azken atala, eta ETBk ez dio kontratua berritu Gorringo ekoizpen etxeari. Aurreneko ataletan ETB1en batez bestekotik behera ibili zen programa, baina azkeneko bi ataletan datu txukunak lortu ditu: bosgarrenak, %2,8ko ikusle kuota, eta seigarrenak, %2,1ekoa —ETB1en batez besteko kuota urtarrilean %1,9koa izan zen—. Gaur, diruari lotutako atala errepikatuko dute, 21:05ean.

ETBk esan du ez duela baztertzen saioak segida izan dezakeenik —programa bat bukatzen den gehienetan hori esan ohi du—. «Baina, oraingoz, bete du aurrez planifikatutako zikloa». Ikusle datuek baldintzatu ohi dute programa baten jarraipena. Kasu honetan, badirudi ETBk ez duela pazientziarik izan. Edu Barinaga ETBko zuzendariak hala esan zuen urtarrilaren 10ean, neguko programazioaren aurkezpenean: «Programa bat da, baina nahiko genuke urtean zehar horren atzean dagoen kontzeptuarekin jarraitu. Hau da, euskaldunok nola ikusten dugun geure burua. Ibilbide luzea izango duela uste dut».

Aitzol Barandiaranek eta Anjel Alkainek zuzendu dute Euskalduna naiz, eta zu? saioa. Alkainek aitortu du konpetentzia «oso gogorra» izan dela, baina balorazio «oso ona» egin du lantaldearen ekarpenaz: «Aktoreetan, zuzendaritzan, gidoietan eta produkzioan talde polita osatu dugu. Gazteak ere erakartzen saiatu gara, Nerea Arriola youtuberrarekin. Unai Gaztelumendiren marrazkiak ere hor egon dira». Lantalde horretan, esketxetako aktoreak Iker Galartza eta Aitziber Garmendia izan dira.

Nahiz eta sei atalen ostean programa kendu, ETBk «oso balorazio ona» egin du Euskalduna naiz, eta zu? saioaz. «Oso harrera ona izan du, gainera. Asmoa umorea egiteko molde berriak bilatzea zen, kasu honetan jende ezagunari hainbat gairen inguruan galdetuz», nabarmendu du ETBko zuzendaritzak. «Horretan ondo asmatu du lantaldeak».

Gorringo ekoizpen etxean, «oraingoz», ez dute proiektu berririk esku artean. «Nahiz eta ideiak baditugun», esan du Alkainek. Aurreko hilabeteetan beste saio batzuk egin zituen Gorringok ETB1entzat: batetik, Batek daki programa, Aitziber Garmendia gidari zela; bestetik, Garmendiak berak eta Galartzak Urtezahar gaueko umore saioa aurkeztu zuten euskarazko katean, eta ikusle datu bikaina bereganatu: %6,4ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Asteazkenetan, 'Bago!az'

Asteazken gauetan Euskalduna naiz, eta zu? saioak utzitako hutsunea Bago!az izeneko talent-show-ak beteko du datorren astetik aurrera. Zuriñe Hidalgok aurkeztuko du, eta irabazleak Go!azen telesaileko denboraldi berrian pertsonaia bat interpretatzeko aukera izango du. Epaimahaia pertsona ospetsuek osatuko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna