'Jornada' maiatzaren 5ean iritsiko da Herrialde Katalanetako kioskoetara

Lehen fasean, astean behin inprimatuko dute. Udazkenean erabakiko dute maiztasuna

Laia Altarriba kazetaria izango da Jornada egunkariko zuzendaria. JORNADA.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Herrialde Katalanak bere osotasunean aintzat hartuko ditu, katalanez argitaratuko da eta ildo editorialak «ezker eraldatzaile eta feminista» izango du oinarri. Ezaugarri horiekin jaioko da maiatzaren 5ean Jornada egunkari berria. Sorreraren lehen fasean, astean behin iritsiko da kioskoetara paperean, asteburuetan—edizio bera salgai, larunbatetan eta igandeetan—.

Laia Altarriba Jornada-ko zuzendariak nabarmendu du asteartetik ostiralera ere egunkaria egingo dutela, baina egun horietan ez dutela errotatibara bidaliko. «Inprimatze eta banaketa kostuak aurreztu ahalko ditugu modu horretan. Astegunetan, 16 orrialdeko PDF bat egingo dugu, eta harpidedunek irakurri ahalko dute». Ordu batzuk geroago, edonork doan irakurri ahalko du.

Paperezko asteburuko edizioak 48 orrialde izango ditu. «Orotariko egunkari bat izango da. Ohiko sailak izango ditu: nazioartea, politika, ekonomia, iritzia, kultura... Kirola asteburuko edizioan egongo da, baina astegunetako egunkarian ez».

Proiektu kooperatiboa da Jornada. 600 bazkidek 200.000 euro jarri dituztela azaldu du Altarribak. «Baina, orain, harpidedun kopuru garrantzitsu bat behardugu. Oraingoz, 2.000 harpidedun ditugu». Lortzen dituzten harpidedunen arabera, udazkenean erabakiko dute kioskotan astean behin zabaltzen jarraitu ala egunero saltzen hasi. Jornada-k 29 langile izango ditu: 20 Bartzelonako egoitza nagusian, sei Valentzian eta hiru Palman.

Nolako kazetaritza egiten saiatu nahi duten argi dute proiektuaren gidariek. «Kazetaritza zorrotza eta zintzoa egiteko asmotan gara», dio zuzendariak.

Altarribak nabarmendu du Herrialde Katalanetan dauden gainontzeko egunkariak korporazio edo enpresa handietakoak direla. «Gu, aldiz, kooperatiba bat gara. Edozein herritar bazkide egin daiteke, 50 euro jarrita. Oinarri zabala eta plurala daukagu». Modu horretan, kazetak ez duela botereengandik loturarik izango nabarmendu du.

Publizitatea, baldintzekin

Jornada-k publizitatea izango du, baina Altarribak iragarri du konpromiso etiko batek gidatuko duela zer iragarki ezin diren jarri. «Ez ditugu onartuko iragarki sexistak, arrazistak, homofoboak, klasistak eta diskriminatzaileak. Giza eskubideak urratzen dituzten enpresa eta banku handien publizitatea ere ez dugu onartuko».

Kazetariak aitortu du «apaltasunez» hasiko direla proiektuarekin. Hala ere, berriemaileak izango dituzte Herrialde Katalanetatik kanpo.

Egunkariko bazkideen artean, bat espetxean da —Jordi Cuixart— eta beste bat erbestean —Anna Gabriel—. «Egunkariak konpromisoa du herrien autodeterminazio eskubidearekin, eta errepresioaren aurka jardungo da».

Valentziako erkidegoko kioskoetan lehen aldiz egongo da katalanezko kazeta bat, eta horrek ilusioa piztu duela esan du Altarribak. «Hiru herrialde katalanetako irakurleengana gerturatu nahi dugu, eta azala egun batzuetan aldatu egin daiteke herrialdearen arabera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.