'Atera kontuak' saioa kendu du ETBk, estreinatu eta hiru hilabetera

ETBko programa zuzendariaren arabera, saioak ez ditu helburuak bete ikusle datuei dagokienez

Atera kontuak saioko lantaldea, Miramonen, otsailean egindako aurkezpenean. ETB.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
ETB1 kateak Atera kontuak erreportaje saioa estreinatu zuen otsailaren 12an. Orio ekoizpen etxearen eskutik, zazpi berriemaile gazteri eman zioten aukera programan aritzeko. Maiatzaren 11ra arte zuten lehen kontratua sinatuta, eta ETBk erabaki du jarraipenik ez ematea. «Saioak ikusle datuen aldetik ez ditu betegenituen helburuak», esan du Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendariak. «Saioa ez dugu eten edo kendu, saioa martxan jarri genuenean adostutako epea bete egin du programak», gaineratu du ETBko ordezkariak.

Astegunetan, 19:20tik 20:00etara eman du ETB1ek saioa. Tarte horretan datuak oso txikiak izan ditu euskarazko kateak azkeneko urteetan. Joan den astean, eman zuten azkenekoan, Atera kontuak-ek egun batzuetan %1eko ikusle kuota baino handiagoko datuak lortu zituen, eta %2ra ere iritsi zen —ETB1en batez bestekoa 2017an %2koa izan zen—. Baina ostiralean eman zuten azken atala, maiatzaren 11n.

Erreportaje saioaren ordutegian, asteon ETB1ek Arregitarrak umore saioa berreskuratu du artxibotik. ETB2n, aldiz, Está pasando zuzeneko saioa egiten dute ordu horretan —ETB2 kateko saioak ETB1ekoen halako bi kostatzen dira arratsaldetan—.

Ana Goitia kazetari eta blogariak aurkeztu du asteotan saioa, Miramonen. Penaz hartu du programa kendu izana, baina nabarmendu du lantalde «zoragarria» izan duela aldamenean: «Talentuduna». Honako hau gaineratu du: «Egindako lanarekin oso gustura gelditu gara. Lantaldeak dena eman du, zuzendaritik hasi eta azken berriemaileraino». Programak ekarpen «nabaria» egin duela iruditzen zaio: «Aurpegi berri asko ikusi dira telebistan. Hor gelditzen da».

ETBko Programa eta Arte zuzendariak aipatu du lantaldea berria zela, ehuneko handi batean: «Ona iruditzen zaigu talentu berrien aldeko apustua egitea. Lantaldeak eboluzio ona izan du. Ez da zaila izango lantalde horretako lagun batzuk aurrerantzean ETBn egingo diren proiektuetan ikustea».

Trebatu egin dira gazteak

Saioaren aurreneko asteetan Goitia bajan egon zen, eta aurkezle nagusia Iñigo Otaegi gaztea izan zen —berriemaile aritu da ondotik, eta platoan ere azaldu da, umoretsu beti—. Otaegirekin batera ibili dira batera eta bestera berriemaile lanetan Amaia Eneterreaga, Gartxot Unsain, Jaione Carpintero, Lohizune Amatria, Olaia Gil eta Pello Artabe. Gidoilariak Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran bertsolariak izan dira. Eta lantaldeko zuzendaria Aitzol Barandiaran izan da. Hala esan zuen aurkezpenean: «Iruditzen zait ibilbide luzea egin dezaketela bai saioak eta bai gazte hauek ere telebistaren munduan».

Saioak hiru hilabeteko bidea egin du, eta ikusle datuek eragotzi diote programazioan egonkortzea. Garciaren ustez, gazte horiek aukera berriak izan ditzakete etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.