Hamar telesail lehiatuko dira Lilleko Series Mania nazioarteko jaialdian

Gaurko galan HBOren 'Succession' estreinatuko dute. 2009tik 2017ra arte Parisen egin zuten

Danimarkako The Rain telesaila Lillen lehiatuko da, eta maiatzaren 4tik aurrera Netflixen izango da ikusgai. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Telesailen sektorearekin lotutako mundu osoko profesionalak Parisen bildu izan dira aurreko zortzi urteetan Series Mania jaialdian. Lille hirira (Frantzia) eramatea erabaki zuten iaz, ordea —Frantziako Kultura Ministerioaren laguntza handia jasotzen du—. Eta gaur gauean egingo dute Series Mania Lille Hauts-de-France jaialdia hasteko gala; bertan, HBO katearen Succession telesaila estreinatuko dute. Jesse Armstrong gidoilari britaniarrak sortu du, eta aktore protagonistak Brian Cox eta Jeremy Strong dira.

Sail Ofizial indartsua prestatu dute antolatzaileek, eta maiatzaren 5ean jakingo da telesail hautatuetatik zeinek eramaten duen lehen saria. Honako hauek dira hautagaiak: Mystery Road (Australia), Ad Vitam (Frantzia), American Woman (AEB), On the Spectrum (Israel), An Ordinary Woman (Errusia), Autonomies (Israel), Warrior (Danimarka), The Split (Erresuma Batua), Il Miracolo (Italia-Frantzia) eta The Rain (Danimarka). Azken hori Netflixek Danimarkan egin duen aurreneko telesaila da, eta maiatzaren 4tik aurrera Euskal Herriko harpidedunek ikusi ahal izango dute. Jannik Tai Mosholt Borgen-en arduradunak sortua da.

Epaimahaiko presidentea Chris Bancrato da —Narcos-en sortzaileetako bat eta X-files-en gidoilari aritutakoa—. Maria Feldman ekoizleak, Maria Schrader aktoreak, Pierre Lemaitre idazleak eta Clovis Cornillac aktoreakosatzen dute epaimahaia.

Atal laburreko telesailen beste lehia bat egongo da jaialdian. Frantziako zortzi telesailek ere beren lehia propioa izanen dute.

Mar Collen lehen telesaila

Lilleko jaialdian askotariko ekitaldiak antolatu dituzte: hitzaldiak, errealitate birtualeko saioak, telesail digitalen proiekzioak, erakusketak, kontzertuak, garai bateko izarren omenaldiak...Gonbidatuen artean, Patrick Duffy egongo da —Dallas-eko Bobby Ewing—. Maiatzaren 3an haren telesail kutunen inguruan hitz egingo du. Beste gonbidatu berezi bat astelehenean iritsiko da Lillera: Carlton Cuse gidoilari eta ekoizlea —Lost telesaila sortu zuen, eta hamar izendapen jaso ditu Emmy sarietan—.

Ikusleek egunotan askotariko proposamenak aurkituko dituzte, lehiatik kanpo: Westworld eta The Handmaid's Tale telesailen bigarren denboraldia —HBOk egunotan estreinatu ditu—, Suediak eta Danimarkak ekoitzitako Bron-en atal berriak, Mar Coll zinemagile kataluniarraren Matar al padre —Movistar+ek maiatzaren 25ean estreinatuko du—, China Mieville idazlearen The City and the City eleberrian oinarritutako izen bereko telesaila eta abar, eta abar.

Maiatzaren 5ean, sariak ematearekin batera, Babylon Berlin telesaila proiektatuko dute. Volker Kutscher kazetari eta idazlearen eleberri batean dago oinarrituta, 1929. urtean girotuta.

Series Mania La Radio irratia sortu dute, eta hiru irratsaio egingo dituzte egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.