Txinako funts bat, golen bila

Orient Hontai Capital inbertsio funtsak Mediapro ekoizpen etxearen akzioen %53,5 erosi ditu
Futbolak zabalpen handia izan dezake aurki Txinan. Messi Experience Park sortuko dute 2020rako.
Futbolak zabalpen handia izan dezake aurki Txinan. Messi Experience Park sortuko dute 2020rako. R. PILIPEY / EFE

Urtzi Urkizu -

2018ko apirilak 20
Txinako Orient Hontai Capital inbertsio funtsak Imagina Media Audiovisualen —Mediapro-Globomedia— akzioen %53,5 erosi ditu —Torrealen %22,5, Televisaren %19 eta Mediavideoren %12—. Espainiako Konpetentziaren eta Mekatuen Batzordeak joan den astean eman zion oniritzia operazioaren lehen faseari. Inbertsio funtseko kontseilari ordezkari Tony Maik nabarmendu du nazioarteko zabalkundean «pauso erabakigarria» ematen ari direla horrela. Eta erosketak, lehenago edo geroago, eragina izan dezake Europako futboleko eskubideetan eta kirol horrek Txinan izan dezakeen zabalkundean.

Ikus-entzunezkoen sektorean enpresa oso indartsua da Mediapro —Euskal Herrian, Hostoil Produkzioak berea du—. 28 herrialdetako 6.500 langile baino gehiago ditu, 45 bulegotan.

Xuban Intxausti Bartzelonan bizi da, Mediaproko dokumentalen egilea da, eta Grietas filma zuzendu du berriki Amnesty Internationalekin elkarlanean. Hark azaldu duenez, Tatxo Benetek eta Jaume Rouresek jarraituko dute Mediapron agintzen. «Haiek erabakiko dute dena, eta hori garrantzitsua da. Izan ere, langileak bere horretan mantenduko dira. Ez dut uste txinatarrak iritsi eta langileak kaleratzen hasiko direnik», esan du Intxaustik. «Dena den, lehen, inbertitzaile batzuk zeuden ez zutenak askorik egiten. Eta, orain, txinatarrek nahiko dute inbertitutako diruari etekina atera. Ondorioz, Txinan egin daitezkeen lanak biderkatuko zaizkio Mediaprori». Adibidetzat jo daiteke Mediaprok Txinan futbolaren inguruan eraikiko duen museoa: Messi Experience Park parkea eraikitzeko 170 milioi euro inbertituko dituzte Mediaprok eta Phoenix taldeak.

Intxaustiren iritziz, aukera ezberdinak egon daitezke aurki: «Gerta daiteke Espainiako Ligako partidak Txinan ematea, edo Txinako futbola grabatzea eta ekoiztea. Baina hori guztia Rouresek berak onartu beharko du». Modu batean edo bestean, Mediaproren fakturazioa handiagotu egingo dela argi du Intxaustik. Enpresako iturrien arabera, Imaginaren negozio bolumena 2016an 1.540 milioi eurokoa izan zen. Txinako inbertsio funtsa sartzearen eraginez, kopurua 1.900 milioi eurora iritsiko da aurten. Mediaprok dituen baliabideak aintzat hartuta, Txinan futbolaren zabalkundeak etekinak handiagotzea ekar dezakeela iruditzen zaio Intxaustiri. «Behin Txinako etxeetan Espainiako Ligako partidak erosteko bidea sartzen duzunean, mila milioi pertsonari baino gehiagori sartzen diozu aukera. Horrek asko igoaraz dezake fakturazioa».

Telesail bat 1936ko gerraz

Intxaustik nabarmendu du Mediaprok fikziozko ekoizpen propioekin lanean jarraituko duela. «Esanguratsua da David Simonekin —[The Wire telesailaren sortzailea]— lortu duen akordioa, 1936ko gerran girotutako telesail bat egiteko. Mediaproko arduradunen kezka politikoak azaleratuz joango dira. Futbolak dirua ematen die, baina beren gaiekin jarraitzen dute». Iaz, Las cloacas de Interior dokumentala zuzendu zuen Rouresek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna