LABen arabera, behin-behineko 2.600 kontratu egin ziren iaz ETBn

LABek salatu du bide juridikora jo behar izan dutela. 41 kontratu mugagabe bihurtzea lortu dute
Eider Casanovak eta Andoni Basabek aurkeztu zuten ETBren kontratazioaren inguruko txostena, atzo.
Eider Casanovak eta Andoni Basabek aurkeztu zuten ETBren kontratazioaren inguruko txostena, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko maiatzak 16
ETBn kontratazio iruzurraren eta prekaritatearen inguruko txostena aurkeztu zuen LABek atzo, Bilbon. Besteak beste, ezegonkortasuna sortzen duten eguneko kontratu «mordoak», Gizarte Segurantzari egindako iruzurrak eta langileei ordaindutako kalte-ordainak nabarmendu zituzten. Andoni Basabe sindikatu horrek ETBn duen ordezkariak eta Eider Casanova zerbitzu publikoen arloko idazkari ondokoak jakinarazi zutenez, lan poltsetan eta kontratazioetan «gardentasuna» lortzen hasi zirenean azaleratu ziren «iruzurrok». Kontratu irregular horietatik 41 mugagabe bihurtzea lortu dutela jakinarazi zuten, baina salatu zuten telebista publikoko zuzendaritzak langileen «eskubideak eta legeak urratzen» jarraitzen duela.

Azken urteetan kontratazioan azaleratutako «iruzurrak eta prekaritatea» bildu dituzte txostenean. Basabek azaldu zuen kasuak aztertu ostean erabaki zutela salaketak aurkeztea. Oraingoz, epaitegiek aginduta, 41 langileri «mugagabe ez-finko» kontratua egin behar izan dietela jakinarazi zuen. Horietako hamahiruk «ustezko autonomo» kontratua zuten, hamabik «artista» kontratua, eta hamasei langileren kontratuetan akatsak zeuden. «Antzeko beste hogei bat kasu egon daitezke».

Basaberen esanetan, epaiketak prestatzeko lanetan hainbat datu bildu dituzte, eta sarritan langileek beraiek ezagutzen ez zituzten egoerez jabetu dira. Horien artean nabarmendu zuen iazko behin-behineko kontratu kopurua: ordezkapenezko eta lan pilaketako 2.600 kontratu egin zituzten. Kontratuek sei eguneko iraupena izan zuten ordezkapenen kasuan, eta hiru egunekoa lan pilaketako kontratuetan. LABeko kideak azpimarratu zuen hainbat sententziak ebatzi dutela azken kontratu mota hori ezin daitekeela aplikatu ETBn; aukera bakarra hauteskunde garaian litzateke, eta erredakzioan.

Izan dira bestelako irregulartasunak, LABen esanetan: berriemaileei autonomo kontratuak egin dizkiete, autonomoetan izena eman gabe, Gizarte Segurantzan kotizatu gabe eta BEZik ordaindu gabe. Beste kasu batzuetan, zazpi lan egunengatik bost kotizatu dizkiete langileei.

ETBn 66 lanpostu hutsik

Kontratazio iruzurrak ez ezik, Basabek salatu zuen ETBko zuzendaritzak ez duela bete hutsik geratutako lanpostuak betetzeko lan hitzarmenean jasotako konpromisoa. 66 lanpostu dira heriotza, erretiroa edo bestelako arrazoiengatik bete beharrekoak: 48 Bilbon eta 18 Miramonen.

LABeko ordezkariek azaldu zuten ETBko zuzendaritzak ez duela asmorik agertu arazoa konpontzeko. Horregatik, salaketak bide juridikotik aurkezteari ekin diote, eta gehiago prestatzen ari dira. Horren harira, salatu zuten diru publikoz ordaintzen ari direla «iruzurkerien kalte-ordainak». LABen arabera, iaz, zortzi langileri ia milioi erdi euroren kalte-ordainak ordaindu zizkieten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna