Teknologiari trufa eta kritika

'Gizaki programatuak' eta 'Sare sozialekin liorik ez' bideoek irabazi dute Euspot lehiaketa

Euspot lehiaketako irabazle guztiak, atzo, Aretxabaletan. JUANAN RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira aurten Euspot iragarkien lehiaketara: 73. Horietatik 47 izan dira 18 urtetik beherako neska-mutikoek egindakoak, eta 26 izan dira 18 urtetik gorako egileenak. Atzo banatu zituzten sariak, Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta iragarki onenaren saria (1.000 euro) bi lanek partekatu zuten: Nora Latatu Landaluzeren Gizaki programatuak eta Andoni Martinez de Madinaren, Ieneko Ruiz de Azuaren eta Iratxe Agileraren Sare sozialekin liorik ez —azken hirurek Cosa de tr3s kanala dute Youtuben—. Martinez de Madinak bideo irabazleaz esan du izenburuak berak adierazten duena transmititu nahi dutela: «Hainbeste liatzen gara Interneteko sare sozialekin, haiekin liatzera ere iritsi gaitezkeela». Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarki onena ere eraman du Lataturen Gizaki programatuak lanak. «Errealitatea margotzen igarotzen ditugu egunak, eta filtro batekin apaintzen ditugu arratsalde grisak. Benetan nor garen eta zer izan nahi dugun ez dakigu jada», entzun daiteke bideoan.

Publikoaren saria Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago bideoarentzat izan da. Egileak Danel Charro, Oihana Benito eta Lierni Castilla dira, eta 2.000 boto baino gehiago jaso dituzte. Aurten hautagaiek landu behar zuten gaia Irudi digitala gure bizitzako harremanetan izan da.

14-18 urte arteko neska-mutikoen lanentzat BHklip saria eman ohi dute, eta aurten Oihan Loiti Iraolaren Izan zu zeu, baita digitalean ere iragarkia izan da garailea.

Musika sinkronizazio onenaren saria Deskonektatu konektatzeko bideoarentzat izan da, iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik. Egileak Lorea Otadui, Markel Bazanbide eta Beñat Abasolo dira.

Zazpigarren urtea da Euspot lehiaketa antolatzen dutena. Antolatzaile nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia da, Aretxabaletako Udalaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi ikastolaren (Arrasate, Gipuzkoa), Arteman publizitate agentziaren eta MusicLibrary webgunearen laguntzarekin.

Formazioan saiakera

Antolatzaileek nabarmendu dute parte hartze kopuruan eta kalitatean «igoera nabarmena» izan dela aurten. Iaz baino 22 lan gehiago aurkeztu dira, eta horren arrazoien artean dago ikastetxeetan egindako lanketa berezia. Antolatzaileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskaini dituzte ikastetxeetan zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Publikoaren sarirako boto ugari eman dituzte azkeneko asteetan.

Sare sozialetan lehiaketak izan duen oihartzunarekin ere pozik daude antolatzaileak. Izan ere, jarraitzaile kopurua bikoiztu egin da azkeneko urtean. Instagramen kontua estreinatu dute, eta sare sozial horretan zein Facebooken zozketak egin dituzte.

Bideo irabazle guztiak, berriz, Euspot.eus webgunean eta lehiaketaren Youtubeko kanalean ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.