Euskararen Egunari lotutako saio berezi bat emango du Hamaikak

Ahots ugari entzungo dira euskarari buruz hitz egiten. 20:00etan eta 22:00etan emango dute

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Hamaika telebistaren saio bereziko irudi batean. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hamaika telebistak saio berezi bat prestatu du gaurko, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. 20:00etatik 21:00etara eta 22:00etatik 23:00etara emango dute saioa —bihar ere ikusi ahalko da, 23:00etan—. Kateko saio guztietako kazetarien artean landu dute, eta euskararen inguruko hamaika ahots entzungo dira erreportajean.

Euskaldunen ahalduntzeaz ariko dira Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria eta Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendaria; Kike Amonarriz EITBk euskararen normalizazioan izan duen eraginaz mintzatuko da; Nafarroako errealitateari begira ere jarriko dira Maialen Huarte kazetariarekin; hilaren 17an Euskararen Kontseiluak aurkeztuko duen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren inguruan hitz egingo du Paul Bilbaok; Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 40 egunez bizitzeko antolatutako egitasmoaz ariko dira, bestalde, Iñaki Arruti eta Naiara Mujika herriko euskara elkarteko kideak; eta Bilboko Berbalagun sareaz ariko da Aitor Argote dinamizatzailea.

Azaroaren 16an Martin Ugalde Foroan Nafarroako aldaketa politikoaz egin zuten mahai inguruko pasarte batzuk berreskuratuko dituzte, alegia, hizkuntz politikari lotutakoak. Eztabaida hartan parte hartu zuten Unai Uhaldek (Geroa Bai), Bakartxo Ruizek (EH Bildu), Iñigo Pascualek (Ahal Dugu) eta Joseba Ezeolazak (Ezkerra). Hizkuntz politika publikoez eztabaidatuko dute Hamaikaren saioan, era berean, honako ordezkari politiko hauek: Garbiñe Mendizabalek (EAJ), Leire Pinedok (EH Bildu), Andeka Larreak (Elkarrekin Podemos) eta Andoni Unzaluk (PSE-EE).

Saio berean, Euskal Herriko hiru administrazio esparruetako egoeraz jardungo dute Mertxe 
Mugika AEK-ko koordinatzaileak eta Asier Amondo Korrikako arduradunak.

Euskararen eta futbolaren arteko loturaz ere ariko dira: Rayco Sanchezek Opio errebeldea: futbola, iraultza eta gizarte eraldaketa liburuaren nondik norakoak azalduko ditu.

Bilboko ekitaldia, ETB1en

EITBk ere bat egingo du gaur Euskararen Nazioarteko Egunarekin. ETB1ek Bilboko Guggenheim museoan egingo duten Zer egin dezaket nik euskararen alde ekitaldi instituzionala emango du, zuzenean, 11:30etik 12:55era. Euskadi Irratiak ekitaldi horren berri emango du, albistegietan. Euskararen Egunaren programazioaren barnean sartu du ETBk, bestalde, Gure sor lekuaren bila dokumentalaren emanaldia. Josu Martinezek zuzendutako lana 21:00etan emitituko du ETB1ek. Gure sor lekua euskarazko lehen filmaren (1956) bilaketa eta aurkikuntza kontatzen du Martinezek dokumentalean —filmaz doktore tesia egin zuen—. Andre Madre izan zen film haren zuzendaria, eta zinta 40 urtez kartoizko kaxa batean egon zen gordeta, Parisen. Martinezen dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.