Antena3en «pluraltasunik eza» salatuko du Kataluniako CACek

Ikus-entzunezko kontseiluak lehiakortasun eta hauteskunde batzordeetan aurkeztuko du ikerketa

Gloria Lomana Antena3eko albistegietako zuzendaria, Mariano Rajoy elkarrizketatzen. ALBERTO MARTIN / EFE.
urtzi urkizu
2015eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeen aurreko bi asteetan, CAC Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak ikerketa bat egin zuen bederatzi komunikabide aztertuz: TV3, Catalunya Radio, 8TV, RAC1, Punt Avui TV, TVE-Catalunya, La1, Tele5 eta Antena3. Azkeneko kate horrek ez zuela pluraltasun informatiboa errespetatu ondorioztatu du kontseiluak. «Hautagaitzen artean banatu zuten denborak ez du bat egiten 2012ko Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetako emaitzekin», diote txostenean. Ikerketa Espainiako Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzordera eta Hauteskunde Batzorde Zentralera eramango du CACek. Ikerketako datuen arabera, Atresmedia taldeko kate nagusiak hauteskunde kanpainan denboraren %30,4 PPri eskaini zion; %21,1 PSCri; eta %20,4 Junts Pel Si alderdiari.

Hautagai nagusiei egindako elkarrizketak ere zenbatu ditu ikus-entzunezko kontseiluak. Antena3eko Espejo público saioan ez zuten ez Junts Pel Siko ez CUPeko bozeramailerik elkarrizketatu. Tele5ko kateko El programa de Ana Rosa saioan ere ez.

Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluaren arabera, Ante- na3ek kanpainan Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren 66. artikulua hautsi zuen. Artikulu horrek ezartzen du telebista kate pribatuek pluraltasun eta berdintasun oinarriak errespetatu behar dituztela.

Bozei lotutako informazioan, bestalde, Tele5k bere denboraren %31 eskaini zion Espainiako Gobernuari, eta Kataluniako Generalitateari %1,5 baino ez.

Txostena astelehenean onartu zuten. CDCk proposatutako Roger Loppacherrek eta Yvonne Grileyk eta ERCk proposatutako Salvador Asiusek alde bozkatu zuten. Carme Figuerasek —PSCk proposatutakoa—, Eva Parerak —UDCk— eta Daniel Sirerak —PPk—, aldiz, «neutraltasunik eza» ikusi dute txostenean. Aurreneko aldia da Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak TVE, Telecinco eta Antena3 aztertzen dituela. Txostenaren aurka bozkatu duten hiru kideek kritikatu egin dute Espainiako kateak ikerketan sartu izana.

Independentistak, oso urri

Katalanfobiaren aurka lan egiten duen Drets elkarteak —zuzenbide arloko profesionalek osatua— hauteskundeen aurretik behatoki bat jarri zuen martxan: www.observatori27s.cat. Han ageri diren datuak argigarriak dira. Irailaren 7tik 11ra, La1ko Los desayunos de TVE, Tele5ko El programa de Ana Rosa eta Antena3eko Espejo público saioetan prozesu katalanari buruz egin zuten eztabaidetan 63 solaskide independentziaren aurkakoak ziren, eta hiru independentistak. Saio horiei La Sextako La Sexta noche, SEReko Hoy por Hoy eta Onda Ceroko Más de uno gehituz gero, independentziaren aurkako partaideen ehunekoa %96 izan zen, eta solaskide independentistena %4 baino ez. Kataluniako kateetan orekatua da proportzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.