'Vaya semanita', geldialdian

ETB2ko programaziotik desagertu da umore saioa.Zabalik du atal bereziekin itzultzeko atea

Asier Hormaza, Itziar Atienza, Diego Perez, Maribel Salas, Andoni Agirregomezkorta eta Humberto Gutierrez aktoreak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Pausoka ekoizpen etxeak ia hamar urtez jarraian ekoitzi zuen Vaya semanita umore saioa ETB2rako, 2003ko irailetik 2013ko otsailera. Bi urte eta lau hilabeteko etenaldia izan zuen, ETBko zuzendaritzak iazko ekainean berreskuratu zuen arte—soilik esketxekin—. Udazkenean ere eman zuten atal sorta bat, baina 2016aren hasieran programaziotik kendu dute saioa. Iaz lortutako ikusle datuek ez dute konbentzitu ETBko zuzendaritzasaioarekin jarraitzeko.

Jabier Garcia de Bikuña Vaya semanita-ko zuzendariak azaldu duenez, ikusle datuetan emaitzak «irregularrak» izan ziren udazkenean. «Eguberrietako saioak batuz gero, programaren batez besteko ikusle kuota %8tik gertu ibili da. Baina aitortu behar da gau pare batean datuak oso ahulak izan zirela, eta horrek eraman zuen ETBko zuzendaritza hartu duen erabakia hartzera».

Saioko lantaldeari ez zaio iruditzen formatua amaitua dagoenik. Garcia de Bikuñak baditu arrazoiak pentsatzeko oraindik Vaya semanita-k bidea egin dezakeela: «Bira bat eman genion saioari, gaur-gaurko gai politikoei indarra emanez. Agian, ez ditu lortuko garai bateko datu ikusgarriak, baina ikusleentzat badu interesa». Adibidetzat jarri du La Sexta kateko El Intermedio saioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortzen dituen datu onak —atzo ikusle gehien izan zituen saioa izan zen —. «Horrek erakusten du publikoak interesa duela gaur-gaurko gaietan eta, bereziki, umorez jorratzen baldin badira».

Garcia de Bikuñak gogorarazi du Vaya semanita-k lehiakideoso gogorrak izan zituela udazkenean , La1, Antena3 eta Tele5 kateekin. «Hiruhileko oso gogorra izan zen, eta gu pozik gaude lortu genuen emaitzarekin».

Saio «garestia» ETBrentzat

ETBko zuzendaritzaren asmoa da etorkizunean Vaya semanita-ren atal berriak egitea, emanaldi bereziekin edo garai jakin batzuetan. Garcia de Bikuñak aitortu du une honetan ez aurrera ez atzera dagoela programa. Hala ere, baikorra da etorkizunari begira. «Pentsatzen dugu agian datorren udazkenean saioa itzul daitekeela. Ateak ez daude itxita». Programako zuzendariak nabarmendu du ETBrentzat egoera ekonomikoa ez dela ona, eta telebistarentzat «produktu garestia» dela Vaya semanita. «Gastuen atxikitze aldian daude telebistan, eta horrek ekarri du, neurri batean, Vaya semanita saioa ez atzera ez aurrera geratzea».

Pausoka ekoizpen etxeak aldi berean egin izan ditu bi telesail ETB1erako, eta beste bi saio ETB2rako. Gaur egun, ETBko kateetan ez dago Donostiako ekoizpen etxearen saiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.