Albistea entzun

EITBn konfiantzako karguen sistema amaitzeko proposatu du EH Bilduk

Albistegiburuak irizpide profesionalekin jartzea eta ikus-entzulearen babeslea sortzea nahi dute
Iñigo Cabacasen gurasoak Joseba Egibarrekin. Bideo horrengatik editore bat kargugabetu zutela salatu du LABek.
Iñigo Cabacasen gurasoak Joseba Egibarrekin. Bideo horrengatik editore bat kargugabetu zutela salatu du LABek. BERRIA

Edu Lartzanguren -

2016ko otsailak 25

«Sortuz geroztik, agerikoa izan da beti [EITBren] menpekotasun harremana botere politikoarekiko, Jaurlaritzarekiko». Hala salatu zuten atzo, Eusko Legebiltzarrean, Estitxu Breñas eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek. Taldeak bi lege proposamen aurkeztu ditu EITBko albistegiak «benetan independenteak» direla bermatzeko. Orain, Jaurlaritzan agintean diren alderdietako konfiantzako kargudunek erabaki eta gainbegiratzen dituzte hedabide publikoetako informazio saioetako edukiak. Sistema hori kentzea eta editoreak «karrera profesionalean» oinarrituta jartzea proposatu dute. Horrez gain, ikuslearen babeslearen «figura autonomoa» sortzea nahi dute.

EITBn albistegietako buruak, erredakzio buruak, editoreak eta arlo buruak, besteak beste, agintean den alderdiak izendatzen ditu, EH Bilduko legebiltzarkideek salatu dutenez. «Hori da EAJk betidanik elikatu duen eredua, bere konfiantzako jendea ildo editoriala erabakitzen duten karguetan jartzeko aukera izateko». Aurreko legealdian PSEk eredu berari jarraitu ziola esan dute Breñasek eta Drondak.

Eskaera egin diote EITBko zuzendari nagusiari, bi hilabeteko epean proposamen zehatza aurkez dezala «karrera profesionala» sustatzeko. «Bermatu nahi dugu ildo editoriala erabakitzen duten kargu guztiak irizpide periodistiko objektibo eta profesionalen arabera bakarrik izendatuko direla». EITBko sindikatuek ere halako eredua ezartzeko eskatu dute, EH Bilduren arabera.

Iazko ekainean gertaturikoa kontrol politikoaren adibide gisa jarri du EH Bilduk: LAB sindikatuak salatu zuenez, eitb.eus atariko albistegietako arduradunak editore bat kargutik kendu zuen, «konfiantza galera» argudiatuta. Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramailea eta Iñigo Cabacasen gurasoen arteko eztabaida agertzen zuen bideo bat «bigarren mailan» jartzeko agindua ez betetzeagatik kendu zuten kargutik zuten editorea.

Ikuslearen defendatzailea

Bigarren proposamenean, ikus-entzulearen babeslearen figura autonomoa sortzea eskatu du EH Bilduk. Gaur egun, EITBko Administrazio Batzordeko buruak betetzen du eginkizun hori, baina EH Bilduk uste du egokia litzatekeela kargu hori sortzea, lan horretara dedikatzeko, «munduko beste telebista publiko askoren antzera». Defendatzaileak herritar orok egiazko informazio independentea eta plurala jasotzeko duen eskubidea zaintzea luke eginkizun. Bi hilabeteko epean, ikus-entzulearen babeslearen estatutuen inguruko «egitasmo zehatza» eskatu dio EH Bilduk EITBko zuzendaritzari.

EITB sortzeko legeak, besteak beste, informazioan «objektibotasuna, egiazkotasuna, alderdikeriarik eza eta aniztasunarekiko begirunea» zaintzea eskatzen die taldeko buruei komunikabide publikoen jardunaren oinarrizko irizpideetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Boterekeria egoeren aurrean denok gara zaurgarri»

Gorka Erostarbe Leunda

Bi urteko pandemiaren errepaso emozional eta soziala da 'Izurritea', pertsonaren, kazetariaren eta begirada kritikoaren ikuspegitik Onintza Enbeitak idatzi duen saiakera-kronika lan laburra.
1 ©GORKA RUBIO / @FOKU

Danborren hotsa berriz nagusitu da

Alex Uriarte Atxikallende

Formatu bereziarekin egin dute Donostiako aurtengo haur danborrada. Desfile bakarraren ordez, hiriko bost auzotan aritu dira danborrariak. Atera ohi diren umeen %63 atera dira aurten, kilometro eta erdi inguruko ibilbideak danbor erritmoan egiteko.
 ©JON URBE / FOKU

«Twitter Spaces erabilgarria da zenbait unetarako»

Urtzi Urkizu

Twitter Spaces izeneko audio gelak euskaraz erabiltzen hasi diren lehen txiolarietako bat da Oroz. Iruditzen zaio profil desberdinetako euskaldunek egin behar dutela saiakera bera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.