Netflix apal hasi da filmak euskaraz eta katalanez katalogoan jartzen

'Planet 51' animazioko filma da euskaraz dagoen bakarra.

Katalanez lau pelikula jarri dituzte
2009. urtekoa da <em>Planet 51</em> animazioko filma. Estralurtar batzuen istorioa kontatzen du, umore ukituekin.
2009. urtekoa da Planet 51 animazioko filma. Estralurtar batzuen istorioa kontatzen du, umore ukituekin. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2016ko martxoak 3
Urrian iritsi zen Hego Euskal Herrira, Kataluniara, Galiziara eta Espainiara Netflix Internet bidezko zerbitzua —Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara 2014an heldu zen—. Katalogo osoa gaztelaniaz zuela abiarazi zuten harpidetza sistema. Orain, Netflix Spain-ek lau film jarri ditu katalanezko audioarekin, eta zinta bakar bat euskaraz —Planet 51 animaziozko filma—. Soilik Hegoaldean ikus daiteke euskaraz.

Erabakia, neurri handi batean, Plataforma per la Llenguak egindako presioaren eraginez iritsi da. Izan ere, 25.000 sinadura baino gehiago bildu zizkion plataformak Netflixi, edukiak katalanez eta katalanezko azpidatziekin eskatuz. #NetflixInCatalan kanpainak ere oihartzun zabala izan zuen. Eta, plataformatik azaldu dutenez, Kataluniako Generalitatea harremanetan izan zen konpainiarekin, katalanezko edukiak jartzen hasteari begira.

Plataforma per la Llenguak espero du hasiera «apal» hau «aurrerako asmoen iragarpen bat» izatea. Katalanaren alde lan egiten duen plataformaren arabera, 11.800 pelikula inguru daude katalanera bikoiztuak edo azpidatziak. Gainera, Generalitateak baliabideak sortu ditu bideo atarietarako, filmen eta telesailen datuekin. «Zerbitzuan katalanez eduki gehiago jartzea erraza beharko luke. Borondate kontua da», esan du Plataforma per la Llenguako ikus-entzunezkoen adarreko Gemma Ponsa i Villamajok. Plataformako kideek adierazi dute itxaropena dutela Netflixek katalanezko film gehiago eskainiko duela datozen hilabeteetan. «Espero dezagun katalanaren erabilera normalizatuz joatea Interneteko ikus-entzunezko plataformetan». Katalanezko audioa gaineratu duten filmak Planet 51, Sky Captain and the World of Tormorrow, The Nanny Diaries eta The Brothers Grimm dira.

Euskal Herrian norbanako batzuek sinadura bilketa bat jarri zuten abian abuztuan honako eskaerarekin: «Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Netflixekin lan egitea, erakargarria den produktu hau euskaraz ere izateko. Eta era berean, Netflixen aldetik, beste hizkuntzekiko begirunea eta euren filmak eta telesailak euskaraz eskaintzeko prest egotea».

Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dute gaiaz gogoeta egiten hasia dela gobernua, eta interesa izan dezakeela, nahiz erabaki finkorik oraino ez egon.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna