AEBetan, kazetari gehiago hedabide digitaletan egunkarietan baino

1990ean, 458.000 kazetari ari ziren lanean AEBetako egunkarietan, eta, egun, 183.000 baino ez

The New York Times egunkariaren erredakzioa. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Lehenago edo geroago iritsi behar zuen aldaketak, eta iritsi da». Hala uste du Ramon Salaberria Nafarroako Unibertsitateko irakasleak Ameriketako Estatu Batuetako egoeraren inguruan. Lan Estatistiken Bulegoak duela egun batzuk eman dituen datuen arabera, AEBetan dagoeneko kazetari gehiago ari dira lanean komunikabide digitaletan egunkari tradizionaletan baino. Gainera, egunkarietako kazetari horiek ez dituzte zenbatu edizio digitalerako edo papererako lanean ari direnaren arabera. «Horrek esan nahi du AEBetako kazetaritza lan merkatuaren aldaketa uste dena baino sakonagoa dela», esan du Salaberriak —2014-2015eko ikasturtean Texasko Unibertsitatean ikertzaile aritu zen—.

1990. urteko ekainean, AEBetan 458.000 kazetari ari ziren lanean egunkari tradizionalen industrian. Hamasei urte geroago, 2016ko martxoan, kopuru hori 183.000ra jaitsi da —langileen %60 inguruko galera—. Interneteko komunikabideetan lanean ari diren kazetarien kopurua, berriz, 198.000ra iritsi da aurten. «Horri gaineratu behar zaio egunkari tradizionalen errealitatea. Enpresa horietan, gaur egun, ez dago kazetaririk arlo digitalean zereginen bat ez duenik», nabarmendu du irakasleak. «Interneteko sare sozialen zabalkundea gertatu denetik, kazetarien aktibitate digitala biderkatu egin da, egunkarietako kazetariaren soslaia dena delakoa izanda ere».

Europara ere iritsiko da

Komunikabide digitaletan lan egiten dutenen kopuruak egunkarietako kazetariena gainditzea Europan ere gertatuko dela ziur da Salaberria: «Ez dakiguna da noiz». Gaur egun, joera horren bidean merkatu aurreratuena Erresuma Batukoa da. «Neurri txikiago batean doaz gero Europako iparreko herrialdeak eta Europako erdialdekoak».

Bestalde, kazetaritza digitalean lan egingo dutenen soslaiak aldatuz joango direla uste du ikerlariak. Lan batzuk teknologia robotikoek eta sistema algoritmoak egingo dituztela ere ohartarazi du. «Lanpostu batzuk desagertu egin daitezke. Baina, aldi berean, erredakzioetan soslai profesional digitalen dibertsifikazioa gertatuko da».

Salaberriaren arabera, duela urte batzuk kazetari digitalak «gizon-emakume orkestrak» ziren, denetarik egiten baitzuten—gaur egun ere hala dira horietako asko—. «Datozen urteetan, ordea, soslaiak askoz espezializatuagoak izango dira. Trebetasun berriak menperatu beharko dituzte kazetari digitalek, eta horrek lan aukera berriak sorraraziko ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.