Euskadi Irratiak 108.000 entzule ditu, iaz baino 7.000 gehiago

EGMren arabera, Gazteak 117.000 entzule ditu astegunetan, eta Radio Euskadik, 194.000

Maite Artolak Faktoria gidatzen du goizero Euskadi Irratian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Astelehenetik ostiralera, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan —EITBk EAE eta eragin esparrua aipatzen du—, Euskadi Irratiak 108.000 entzule ditu. Estudio General de Mediosek egindako urteko hirugarren neurketako datua da. Iaz garai berean, euskarazko irrati publikoak 101.000 entzule zituen. Horrenbestez, 7.000 entzule irabazi ditu azkeneko urtean. Gorakada izan du Gazteak ere: iaz, 86.000 entzule, eta, aurten, 117.000. Gainera, Gipuzkoan irrati formulen artean aurrenekoa da Gaztea, LOS40ren aurretik. Hego Euskal Herri osoan, berriz, LOS40 da liderra irrati formuletan.

EITB Musika irratiak gora egin du, halaber, azkeneko urtean, eta 42.000 entzule ditu orain. Radio Euskadik, astelehenetik ostiralera, 194.000 entzule ditu, EGMren arabera; iaz sasoi berean baino 6.000 gehiago. Radio Vitoriak egin du beherantz: iaz 22.000 entzule zituen, eta aurten, 18.000.

SER irratia lider

Hego Euskal Herrian, Prisa komunikazio taldeko SER irratiak du entzule gehien; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, astelehenetik ostiralera, 253.000 entzule ditu. Alde handia ateratzen dio bigarrenari, Radio Euskadiri —86.000 entzule gehiago—.

Euskadi Irratia hirugarrena da irrati jeneralisten artean, eta aurrekontu handiagoa duten beste hiru irratiren aurretik dago: Onda Cero, RNE eta Cope. Bi aste barru CIES enpresaren datuak iritsiko dira, eta orduan ikusiko da ea EITBko euskarazko bi irratien datu onak baieztatzen diren.

EGMren arabera, astelehenetik igandera 1.071.000 herritarrek egiten dute bat EITBko hedabideekin: 639.000 lagunek ikusten dute ETB, eta 432.000 lagunek entzuten dituzte irratiak. ETB1ek 149.000 ikus-entzule ditu, eta ETB3k, 21.000. ETB2k 469.000 ikus-entzule ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.