Hala Bedi irratiak 'What the basque' saioa estreinatu du, ingelesez

Gizarte eta politika gaiak landuko dituzte. Melbourneko 3CR irrati librean ere hasi dira ematen

What the basque irratsaioko esatariak, Hala Bediko egoitzan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Duela egun gutxi estreinatu du Gasteizko Hala Bedi irrati libreak What the basque ingelesezko saioa. Euskal Herriko gizarte mugimendu «berritzaileen» eta «indartsuenen» partaideak elkarrizketatu nahi dituzte, eta programa nazioartean zabaldu. Hilean behin egingo dute saioa, eta bigarren emanaldia hilaren 25ean egingo dute —hileko azkeneko larunbatean emateko asmoa dute, 11:00etan; gero, sarean izango da entzungai—. Sei lagun dira saioaren sustatzaileak.

Proiektuaren sorburua hausnarketa batean dagoela azaldu du Uzuri Albizuk, saioko esatariak: «Gure hausnarketa da ez dela existitzen Euskal Herriaren inguruan eta Euskal Herritik ingelesez hitz egiten duen ezkerreko komunikabide librerik. Hori aldatzeko asmoz, tresna komunikatibo hau sortzea erabaki genuen».

Saioan gizarte eta politika gaiak landuko dituzte batik bat. Horretarako, hiru ataletan banatu dute saioa: Rub the skin (azala urratu) atalean, Euskal Herriko gizarte mugimendu bat izango dute hizpide hilero, eta, horretarako, elkarrizketak egingo dituzte; aurreneko atalean, Hala Bedi irratia bera izan zuten mintzagai. Beste atal bat Hala Bedi Method da, eta, bertan, kanpotarrentzat bitxiak suerta daitezkeen hitzen eta esamoldeen inguruan ariko dira. Nori nori news atalean, bestalde, hilabete osoan Euskal Herrian jazotako gertakari soziopolitiko garrantzitsuenen kronika egingo dute.

Albizuk nabarmendu du «nazioartean zabaltzeko asmoa» dagoela saioa ingelesez egiteko arrazoien artean. «Gure auzoetako eta herrietako kaleetan gertatzen ari direnei ahots bat jarriko diegu, eta ahots hori munduko leku askotako jendeak entzun eta ulertu ahal izango du». Saiakera horretan, lortu dute pauso bat: Australiako Melbourne hirian dagoen 3CR irrati librea What the basque ematen hasi da. «Tristan Epsteinek [taldeko kidea] harreman zuzena du haiekin; irrati horretan esatari aritu zen. Proiektuaren berri eman zien 3CRkoei, eta prest agertu ziren programazioan gure saioari tarte bat egiteko». Aurrera begira, munduko irrati libre gehiagorekin harremanetan jartzen saiatuko dira. «Baina, oraingoz, saio txukuna egitea da lehentasuna», dio Albizuk. «Kalitatean daukagu fokua jarrita, kantitatean baino gehiago. Hilero irratsaio on bat egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula». Lantaldeko sei esatarietatik lau hasiberriak dira, eta ez dute aurretik irratsaiorik egin. «Ingeles mailak ere askotarikoak dira taldean. Bik ama hizkuntza dute, eta besteok moldatzen gara, nola edo hala. Baina ikasteko gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.