ETB1ek 'Burubero Fest' lehiaketa estreinatuko du bihar gauean

Hiru lehiakidek 4.000 euro irabazi ahalko dituzte. Musikarekin lotuak dira saioko bi proba berri

Kike Amonarrizek eta Ylenia Bagliettok asteazkenero aurkeztuko dute Burubero Fest saioa. ETB.
urtzi urkizu
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Aste Santuaren aurretik kendu zuen programaziotik ETB1ek arratsaldetako Burubero lehiaketa. Aldiz, lehiaketa hori oinarri hartuta eta hainbat aldaketa eginda, euskarazko kateak Burubero Fest saioa estreinatuko du bihar, 22:25ean. Familia guztiarentzako lehiaketa berriak tonu umoretsu eta alaia izango du, eta, astero, hiru lehiakidek 4.000 euro irabazteko aukera izango dute. Saio bakoitzean, hiru gonbidatu ezagun ariko dira programan lehiakideei laguntzen eta saioa girotzen. Biharko estreinakora, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak eta Aitzol Atutxa aizkolaria gonbidatuko dituzte.

Programako aurkezleak Kike Amonarriz —Burubero aurkezten zuen— eta Ylenia Baglietto—Bago!az-en trebatzaile lanak egin zituen— izango dira. Jon Larrañaga saioko zuzendariak azaldu duenez, aurretik zegoen lehiaketa oinarri hartu bai, baina festa giroa eta gaueko saioaren ezaugarriak gaineratuko dizkiote: «ETBk eskatu digu gaueko ukitua emateko saioari». Horretarako, musikak toki nabaria izango du, eta Euskal Herriko pertsona ezagunak protagonista izango dira.

Helburu horiek betetzeko, era berean, Amonarrizi jarri dioten laguntzailea garrantzitsua izango dela uste du Larrañagak: «Ylenia Bagliettok energia, indarra eta alaitasuna transmititzen ditu. Amonarrizek eta Bagliettok oso bikote polita osatzen dute, eta gaueko saioari beste indar bat ematen dio aldaketak».

Proba berri batzuk ere sartu dituzte lehiaketan. Proba horietan, musika izango da ardatza. «Batean, euskal abestien lehen segundoak jarriko ditugu, eta lehiakideek ahalik eta bizkorren kanta zein den asmatu beharko dute. Gure memoria kolektiboko kantu mitikoak izango dira». Beste proba batean, berriz, bi abesti nahastuta jarriko dituzte, eta lehiakideek abeslariak zein diren identifikatu beharko dituzte.

Saioko zuzendariak iragarri du, bestalde, gonbidatu ospetsuak jokoaren parte izango direla. «Proba batean, gonbidatuen bizitzako bitxikeriekin jokatuko dugu, eta modu horretan umoreak toki handia izango du». Aurreneko saiorako, Plazaolaren, Garmendiaren eta Atutxaren bizitzetan «arakatu» dute, «trapu zikinik atera gabe», eta haien ezustekoak agertuko dira.

Saio berrian entretenimendua eta umorea lortzea funtsezkoa izango dela nabarmendu du Larrañagak, aldi berean lehiaketa bat dela aintzat hartuta.

Parte hartu nahi dutenek [email protected] helbide elektronikora idatzi behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.