'Ur handitan' gaur itzuliko da

Gaurko atalean, Melillako hesira joango dira, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideekin
Xabier Madariaga kazetariak gidatuko ditu <em>Ur handitan</em> saioko erreportajeak aurrerantzean ere.
Xabier Madariaga kazetariak gidatuko ditu Ur handitan saioko erreportajeak aurrerantzean ere. ETB

Urtzi Urkizu -

2017ko irailak 12
Ikus-entzuleen harrera ona izan zuen joan den denboraldian ETB1eko Ur handitan erreportaje saioak, eta gaurtik aurrera, asteartero, atal berriak ikusteko aukera izango da (22:25). %2,8ko ikusle kuota lortu zuen programak aurreko ikasturtean, katearen batezbestekoak baino zortzi hamarren gehiago. Ane Rotaetxe saioko zuzendariak iragarri du iazko bide beretik jarraitzeko asmoa dutela: «Astero-astero gaiak eta protagonistak topatzeak duen zailtasunari helduko diogu, eta ilusio handiz ekingo diogu denboraldiari».

Denboraldi berriko estraineko atalak Ateak itsasoari izenburua du. Uztailean, programako lantaldea Melillara (Espainia) joan zen, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako eta beste elkarte batzuetako kideekin batera. «Road movie baten antzera aurkeztuko dugu erreportajea», iragarri du saioko zuzendariak. «Lantaldea oso hunkituta itzuli zen han jasotakoarekin, eta uste dut saioak berak bizitakoaren gogortasuna islatzen duela». Melillara iristean, han bizi direnen bizipenek hartuko dute protagonismoa. Hainbat galdera egingo ditu saioak: «Nola ikusten dituzte etorkinak bertako herritarrek? Zein ilusio dituzte hesia gainditu edo ontzian bidaia dutenek? Nolakoak dira kalean bizi diren adin txikikoak?». Mugaren albo batean eta bestean bizi direnen errealitatea kontatuko du Xabier Madariaga aurkezleak. Hesia gainditu eta Europa jomuga dutenen eta hesi hori desagerrarazi nahi duten euskal herritarren hitzak tartekatuko dituzte.

Rotaetxek iragarri du datorren asteko saioan Iñigo Martinez dantzariaren bizitzan murgilduko direla. Martinez osteogenesi inperfektuaren gaitzarekin jaio zen, kristalezko hezurrak gisa ezagutzen denarekin. Hezur ugari apurtu zaizkio txikitatik, eta ebakuntza asko egin behar izan dizkiote. Gaur egun, Bartzelonan bizi da, eta bizimodua goitik behera nola aldatu zaion kontatuko du. «Saio hori egiten asko gozatzen ari gara», adierazi du programako zuzendariak.

Ur handitan saioko lantaldea iazko bera izango da, aldaketa batekin: Leire Ferro kazetariak ez du jarraituko, eta, haren ordez, Joana Lasheras kazetaria sartu da —ETBko hainbat saiotan lan egin du—. Gidoilari buru Fermin Etxegoien da, iaz bezala.

Euskarazko katearen saioak izaniko arrakasta dela eta, ikusle batek baino gehiagok eskatu du erreportajeak ETB2n ere ematea, adibidez, euskarazko azpidatziekin. «Hainbat tokitatik iritsi zaigu eskaera hori, baina halako erabakiak ez daude gure esku», esan du Rotaetxek. Erantsi du «oraingoz» ETBk ez diela jarri ikusle datu zehatzik lortzeko helbururik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna