ETBk 'Sautrela' kendu du

Literaturari eskainitako saio bakarra desagerrarazi du kate publikoak, hamazazpi urteren ostean
Beñat Sarasolak aurkeztu zuen aurreko denboraldian <em>Sautrela</em> literatur saioa.
Beñat Sarasolak aurkeztu zuen aurreko denboraldian Sautrela literatur saioa. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2017ko urriak 18
ETB1ek 2000. urtean estreinatu zuen Sautrela literatur saioa. Urteotan dozenaka eta dozenaka idazle elkarrizketatu dituzte. Literaturaren ertzak plazaratu dituzte erreportaje zainduen bitartez. Euskal literaturaren perlak eta liburu interesgarriak gomendatu. Baina kito. Euskal Telebistak kendu egin du literaturari eskainitako programa bakarra. Aurten, behintzat, ez dute saioa egingo. Hurrengo urteetan, ez dago jakiterik. BERRIAk galdetu dio ETBri saioaren etorkizunaz, baina ez du erantzunik jaso.

Ez da Sautrela-ren aurreneko heriotza. 2012. urtean, programaziotik kendu zuten saioa; ETBko zuzendaritzak esan zuen denboraldi hartan hamahiru atal egiteko dirua baino ez zegoela. ETBko lau langilerekin batera, Orio etxeak kontratatutako bi erredaktore-gidoilari ari ziren lanean. Saioa kentzeko arrazoi bakarra ekonomikoa izan zela esan zuen 2012ko otsailean Joselu Blanco ETBko programazio arduradunak.

Baina urte eta erdi pasatu ostean, berpiztu zuten Sautrela. 2013ko urriaren 5ean, Hasier Etxeberria zenak (1957-2017) denboraldi berri bati ekin zion. Beñat Sarasola orduan hasi zen aspaldi argitaratutako liburuen aipamenak egiten. Sarasolak ordezkatu zuen gero Etxeberria aurkezle lanetan, 2016ko urrian. Gaixotasun baten eraginez utzi behar izan zuen Etxeberriak saioa, hamasei urte luzez euskal literaturaren jarioa ETBko ikus-entzuleei mimoz eskaini ostean. Sarasolak gidatu zuen joan den denboraldian Sautrela. Larunbatetan, bazkalosteetan. Astero elkarrizketa bat, erreportaje bat eta Juan Luis Zabala idazle eta kazetariaren liburu gomendio bat ikusi ahal ziren azkeneko denboraldian. Aurreko urteetako formatuaren ildo beretik.

Liburuak 'Ahoz aho' saioan

Hamazazpi urteko bidea etenda gelditu da, beraz, eta datozen hilabeteetan ez da literatur saiorik egingo ETBn. Hala ere, kate publikoan bada euskal kulturarekin kezkarik duen kazetaririk. Ilaski Serranok Ahoz aho saioaren lehen partean —astegunetan, 16:05ean— euskal mundua eta euskal kultura eramaten ditu ikus-entzuleen etxera. Joan den denboraldian bezala, Serranok euskarazko liburu bati lotutako elkarrizketa egingo du astean behin programan. Aste honetan, esate baterako, Uxue Alberdi elkarrizketatu du, Jenisjoplin eleberriaren harira. Datozen bi asteetan, Julen Garate —Argi estalia eleberria idatzi du— eta Martin Bidaur —Itzulera olerki liburua aurkeztu berri du— eramango ditu Ahoz aho-ko platora.

Edonola ere, ETB1 literatur saiorik gabe gelditu da. Inguruko herrialdeetan, La2 kateak Página Dos literatur programa ematen du astearteetan (21:20), eta France5 kateak La grande librairie, ostegunetan (20:50). Kataluniako telebista publikoan, Canal33 kateak Tria33 kultur saioan lantzen ditu literatur edukiak —Anna Guitartek lantzen du literatura—; aurretik, Via Llibre saioa aurkeztu zuen Guitartek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna