Euskal Herriko ekoizpen etxeak «pozik» itzuli dira Mipcom azokatik

Argentinako enpresekin topaketa bat egin dute. Sektorearen indarra antzeman dute Cannesen
<em>Britannia</em> telesaileko aktoreak eta Donovan musikaria —bigarrena ezkerretik—, Cannesen.
Britannia telesaileko aktoreak eta Donovan musikaria —bigarrena ezkerretik—, Cannesen. SEBASTIEN NOGIER / EFE

Urtzi Urkizu -

2017ko urriak 20
Mundu osoko 4.700 enpresa eta 14.000 parte hartzaile bildu dira aste honetan Cannesen (Okzitania), Mipcom azokan. Tartean izan dira EITBko eta Euskalteleko ordezkariak, baita Euskal Herriko zortzi ekoizpen etxeko lagunak ere, Basque Audiovisual markapean—Eiken klusterraren eta Etxepare Institutuaren babesarekin—. Bileraz bilera ibili dira euskal ekoizleak, eta guztiak «pozik» itzuli dira Euskal Herrira.

Sugar Factoryko ekoizleek adierazi dute iaz baino «mugimendu gehiago» ikusi dutela eta merkatuak berriro «indar handia» duela. Baleukok Save the Tree animazioko proiektua aurkeztu du, eta laster akordioak sinatzeko itxaropena du, ekoizpenerako zein banaketarako. Basque Stream ekoizpen etxeak El latido de Urdaibai dokumentala eraman du Cannesera —interesa azaldu dute Frantziako, Turkiako eta Koreako enpresek—. Pausokak Sleeping with The Enemy saioa eraman du —Alemanian estreinatutako saioaren trailer batekin—, eta Xabier Zabaleta ekoizleak esan du itxaropena duela Suedian, Irlandan edota Herbehereetan programa saltzeko. «Kataluniatik ere galdezka etorri dira».

MIP Junior azokara Go!azen telesaila eraman zuen Pausokak joan den asteburuan. «Venezuelako enpresa batek interesa azaldu du, eta gaztelaniara bikoizteko prest azaldu da. Baina proposamena aztertu beharko dugu», gaineratu du Zabaletak.

Prime Time Media ekoizpen etxeak Gailurra Xtreme saioa eraman du azokara; Expressivek, El lector de huesos; Bainetek, Arguiñano en tu cocina; eta Dibulittoonek, Bigfoot.

Bestalde, Eikenek Euskal Herriko eta Argentinako enpresen arteko topaketa bat antolatu du, 2018ko misio komertzialei begira harremanak estutzen joateko asmoz. Veronica Sanchez Eikeneko internazionalizazio arduradunak nabarmendu du ekainean akordio bat sinatu zutela Argentinako lau eskualdetako klusterrekin. «Akordio bat daukagu elkarrekin lan egiteko. Euskal enpresek eta argentinarrek euren arteko harremanetan sakontzeko lanean ari gara, eraikitzen ari gara». Cannesen bilerak egin dituzte Cordoba Produce klusterreko sei enpresek eta Euskal Herriko Bainet, Baleuko, Sugar Factory eta Dibulitoon ekoizpen etxeek.

Formatu berriak

Mipcom azoka atzo amaitu zen, eta, urtero bezala, telebistako formatu berritzaileenak aurkeztu zituzten. Erresuma Batuan, esate baterako, azaroan Celebrity Showmance saioa estreinatuko dute. Han, ospetsuak diren sei pertsonak, hiru bikote osatu, eta elkarrekin daudela sinetsaraziko diote audientziari sare sozialen bitartez. Frantziako The Break Up eta Divorce for a Better Love formatuetan, banatzeko zorian dauden bikote batzuk banatu egingo dituzte, erabaki dezaten etorkizunean zer egin nahi duten.

Telesailei dagokienez, Skyk eta Amazonek elkarrekin ekoitzitako Britannia aurkeztu dute. Sonyk, aldiz, Counterpart espioitza telesaila aurkeztu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna