Euskarazko ikus-entzunezko eduki ugari eskura jarriko ditu JarriON-ek

CodeSyntaxek urtarrilerako sortuko du aplikazioa. Telebistan ere erraz ikusi ahalko dira edukiak

TBX.eus atariko eduki guztiak JarriON aplikazioaren bidez ikusteko aukera egongo da, sakelakoan edo telebistan. BERRIA.
urtzi urkizu
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat komunikabideren euskarazko ikus-entzunezko edukiak ikusteko aplikazio bat sortu du CodeSyntax enpresak, eta urtarriletik aurrera deskargatu ahalko da Android sistema duten sakelako telefonoetan. Edukiak telefonoan bertan ikusi ahalko dira, eta, Chromecast gailu baten bidez, telebista aparatuan ere bai. JarriON izena du aplikazioak, eta bertako kanalak telebista pantailan ikusi ahal izateko Chromecast gailua —39 euroko kostua du— edo Euskaltelen 4K dekodegailua beharko da.

Luistxo Fernandez CodeSyntaxeko proiektu arduradunak iragarri duenez, tokiko hainbat telebistekin lortu dute akordioa, JarriON aplikazioan euren edukiak sartzeko: Erlo telebista, Oizmendi telebista, Goierri telebista eta Goiena —kanal bat baino gehiago, saio jakin batzuekin—. Hamaika telebistak ere bere kanalak izango ditu aplikazioan. Baita Berria TBk ere. Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradunak esan du egunkariaren ikus-entzunezko edukientzat aukera berri bat eskainiko duela: «Edukiak zabaltzeko beste modu bat izango da. Euskarazko edukiak biltzen dituen aplikazio batean egotea interesgarria da erabiltzailearentzat. Izan ere, BERRIAren ikus-entzunezko edukiak telebistan ikusteko modukoak dira, oro har, kalitate eta formatu aldetik». Adibidez, Bertsolaritza Txapelketa Nagusiarekin lotutako Txapelpekoak egiten ari da astero Berria telebista.

Fernandezek azaldu du Interneteko beste leiho batzuek ere izango dutela tokia aplikazioan: «Dantzan.eus atariaren bideoak, Gaztezulo aldizkariarenak, eta beste atariren bat izango da tartean». Horiez gain, TBX.eus atariko edukiak ikusi ahalko dira. Euskarazko bideo ugari jasotzen ditu atari horrek, eta berriki artxiboaren aukera gaineratu diote; hilabete bakoitzean edo egun zehatz batean gehien ikusi den euskarazko kanala zein den jakiteko aukera ematen du, eta, bilaketaren bitartez, gai edo pertsonaia baten inguruko euskarazko bideoak eskaintzen ditu.

Gipuzkoako laborategia

Fernandezek esan duenez, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarriko duen euskarazko ikus-entzunezko laborategiaren testuinguruan sortu dute JarriON aplikazioaren proiektua. «Ideiak aurkeztu zitezkeela pentsatu genuen. Ikusi genuen ikus-entzunezko edukien zabalkundean eragin zitekeela, egun erabiltzen diren bi pantaila nagusietan: telefonoa eta telebista». Telebista pantailak gero eta konektatuagoak daude Internetekin, eta JarriONekin erraztu nahi dute euskarazko edukiak aipatutako bi pantailetan egotea. Proiektu pilotu moduan aurkeztu zuen aplikazioa Fernandezek aldundiaren hausnarketa saioetan.

Aplikazioak, gainera, jakinarazpenen sistema bat izango du etorkizunean. Erabiltzaileek ohar bat jasoko dute egunero, bideo interesgarrien berri ematen duena. Ikustaldien datuak lortzeko sistema bat ere sortu nahiko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.