'Fake news' umore saioa ematen hasiko dira gaur ETB1en eta ETB2n

Aktualitateari lotuta egongo da. Gaurko emaitzen arabera, saioa egunerokoa bilaka daiteke
Maria Amolategi, Mitxel Santamaria, Alazne Etxeberria, Inma Fernandez eta Mikel Bermejo saioko aurkezleak.
Maria Amolategi, Mitxel Santamaria, Alazne Etxeberria, Inma Fernandez eta Mikel Bermejo saioko aurkezleak. ETB

Urtzi Urkizu -

2018ko urtarrilak 18
ETBk aktualitateari lotutako umore saio bat estreinatuko du gaur. Pausoka ekoizpen etxeak bi kateetarako egingo du programa, eta, horrenbestez, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak izango ditu. Proba moduko saioa izango da gaurkoa, baina epe laburrean eguneroko saioa bihurtzea nahiko luke ekoizpen etxeak, saioko zuzendari Javier Garcia Bikuñak iragarri duenez. ETB1ek 19:30ean estreinatuko du Fake news; ETB2k, berriz, 22:30ean. 25-30 minutu inguru iraungo du.

«Aspaldian genuen buruan proposamen ezberdin bat egiteko asmoa, gaur egun egiten diren gauzetatik gertu eta ohiko esketxetatik aparte», azaldu du Garcia Bikuñak. «ETBk une egokia ikusi du, eta aurrera atera da».

Aktualitateari lotutako umore saioa ETB1erako eta ETB2rako aldi berean egitearen arrazoiak eman ditu programako zuzendariak: «Eduki asko daude ETB1erako eta ETB2rako balia daitezkeenak. Iruditu zitzaigun interesgarria litzatekeela sinergiak baliatzea. Argi dago erronka izango dela».

Fake news saioak bost aurkezle izango ditu, eta une oro platoan egongo dira. Maria Amolategi, Alazne Etxeberria, Inma Fernandez, Mikel Bermejo eta Mitxel Santamaria izango dira aurkezleak, eta bakoitzak bere atal propioa ere izango du. Bostak azalduko dira ETB1eko bertsioan eta ETB2koan. Asteko albiste dibertigarrienekin zerrenda bat egingo dute. Halaber, zenbait gairen inguruko memeak, bideoak eta esketxak aurkeztuko dituzte. Ezertarako balio ez duten sakelakoen aplikazioak ere azalduko dira.

Aktualitateko berriak lantzeaz gain, hainbat bitxikeria jasoko dituzte programan. «Izenburuko fake news edo albiste faltsuek ere erakusten dute komunikazioaren paradigma aldatzen ari dela. Bestalde, programan umore ukituz jasoko ditugu gertatuko ez diren albisteak».

ETBk erabakitzen badu saioa egunero ematea, lantalde sendoa beharko dutela argi du Garcia Bikuñak. «Horretan ari gara lanean. Eguneroko saioa izan beharrean, asterokoa bada, iraupen luzeagoa izango luke».

Umore estiloari dagokionez, lehendik Pausokako saioek izandakoen bide bertsutik jarraituko du. Vaya semanita saioaren zuzendaria izan zen Garcia Bikuña. «Umore ganberroa eta ikonoklasta izango da. Guri buruz barre egiten hasita, gauza guztiekin egingo dugu trufa».

Bestalde, saioko zuzendariak aitortu du lehen baino aurrekontu txikiagoa duten programak egin behar dituztela orain. «Fikzioaren kontua zaila dago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna