Eguzki eta Hala Bedi irrati libreek 35. urteurrena ospatuko dute

Iruñeko irratiak festa bat antolatu du larunbaterako. Gasteizkoa bazkideak lortzeko lanean ari da

Gasteizko Hala Bedi irratiko kideak, 35. urteurreneko afixarekin. HALA BEDI.
urtzi urkizu
2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Herritarren lanari eta borondateari esker sortutako proiektu batek 35 urte irautea ez da kontu makala. Bada ospatzeko arrazoirik. Iruñeko Eguzki irratiak eta Gasteizko Hala Bedik 35 urte beteko dituzte aurten, eta askotariko ekitaldiak antolatuko dituzte hori ospatzeko. Eguzkik festa berezia egingo du larunbatean Iruñean, Arrotxapeko gaztetxean. Ateak 20:00etan irekiko dituzte, eta 21:00etan hasiko dira kontzertuak. Musika taldeak El Sonido de la Metralla, Etsaiak Eroak eta Revolta Permanent izango dira.

«Ahotsik gabekoen ahotsa gara oraindik», gogorarazi du Eguzkiko kide Fertxu Izkierdok. «Irrati seinale bat libre, Iruñetik mundura». Larunbatekoa «ahotsik gabekoen gaua» izendatu dute, eta «gau borobila» izanen dela uste du irratiko esatariak. Edonola ere, proiektua ez dabil aberats diruz, eta bazkideak lortzeko beharra nabarmendu dute, Eguzki irratiak aurrera jarrai dezan. «Bertze hainbertze urte iraun dezan, uhin libreak zainetan daramatzagulako», gaineratu du Izkierdok.

Eguzkiko eta Hala Bediko lagunek uste dute irrati libre bat baino askoz gehiago dela haien proiektua. Iruñetik eta Gasteiztik harago ere iritsi da proiektuen oihartzuna. Horren erakusgarri, bi irratien historiari eta antolakuntzari buruzko artikuluak argitaratu dituzte Westminsterko Unibertsitateko atarian (Erresuma Batua); Jason Diouxek, Ion Andoni del Amok eta Arkaitz Letamendiak idatzi dituzte.

Ekitaldi garrantzitsuak

Hala Bedi proiektua indartzen ari da. FM bidezko entzuleez gain, 10.000 herritarrengana baino gehiagorengana iristea lortu du, webgunean, bideoen bitartez eta sare sozialetan lortutako hedapenari esker. Mikel Buruaga Hala Bediko kideak uste du erreferente bilakatzen ari direla: «Arabak behar-beharrezkoa duen herri komunikabide integrala bihurtuz doa Hala Bedi, herritarren bozgorailu». Webguneak hilero 100.000 bisita inguru izaten ditu.

Aurten 35. urteurrena ospatuko du irrati libreak, eta etorkizunari begira egon nahi du. «Helburu nagusiak izango dira: herri mugimenduekin harremana sendotzen jarraitzea, 999 halabelarri [bazkide] lortzea eta proiektu komunikatiboa indartzea», esan du Buruagak.

Iragarri dute aurten ekitaldi garrantzitsuak izango dituztela: apirilean, autogestioaren astean eta Gasteizko gaztetxearen urtemugan parte hartuko dute; maiatzean, Hala Bedi sariak eman eta Gala Bedi jaia antolatuko dute; ekainaren 23an, egun osoko maratoia egingo dute; abuztuaren 6an, 35. urteurreneko ospakizuna egingo dute; eta urrian, OkupaTU Gasteiz Egunean parte hartuko dute.

Azkenaldian, irratiak eraso faxistak jasan ditu, Falangearen izenean eginikoak. «Baina oztopoak oztopo, gure lana egiten jarraituko dugu», esan du Buruagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.