Iruzur fiskala ikertzen ari zen kazetari bat tiroz hil dute Eslovakian

Axel Springer taldeak esan du «susmo nabariak» daudela hilketa kazetariaren lanarekin lotzeko
Jan Kuciak kazetaria tiroz hil dute. Europako Batasunean bost hilabetean hil duten bigarren kazetaria da.
Jan Kuciak kazetaria tiroz hil dute. Europako Batasunean bost hilabetean hil duten bigarren kazetaria da. AKTUALITY.SK

Urtzi Urkizu -

2018ko otsailak 27
Jan Kuciak 27 urteko kazetaria eta haren bikotekide Martina Kusnirova etxean hilda aurkitu zituzten igandean, Velka Maca hirian (Eslovakia), Bratislava hiriburutik 65 kilometrora. Eslovakiako polizia buruek jakinarazi dute tiroz hil zituztela. Kuciak gobernuarekin lotura duten enpresarien iruzur fiskala ari zen ikertzen, eta lehendik mehatxuak jaso zituen. Kazetariak Aktuality.sk hedabide digitalean egiten zuen lan. Axel Springer komunikazio taldearena da hedabidea, eta talde horrek esan du «susmo nabariak» daudela hilketa kazetariaren lanarekin lotzeko.

Otsailaren 9an, Kuciakek erreportaje bat idatzi zuen Bratislavako luxuzko apartamentu multzo bateko iruzur fiskalen gainean. Ustez, Marian Kocner enpresaria zegoen iruzur horren atzean, eta enpresari horrek zuzeneko harremana du Eslovakiako hainbat politikarirekin; tartean, gobernuan dauden batzuekin. Kazetariaren lanak beste lau enpresaren trantsakzio susmagarriak ere azaleratzen zituen. Erreportajeak oihartzun handia izan zuen, gaiarekin lotutako protestak eginak baitziren iaz; herritarrek Robert Kalinak barne ministroaren dimisioa eskatu zuten mobilizaziotan, Bratislavan, Ladislav Basternak higiezinen enpresariarekin zituen negozioengatik. Biek ukatu zituzten iruzur salaketak.

Kuciakek iazko urrian jakinarazi zuen mehatxuak salatu zituela fiskaltza nagusian: «44 egun pasatu dira salaketa jarri nuenetik... mehatxuengatik. Eta ziur aski, auziak ez du izango polizia propiorik ere».

Eslovakiako poliziaren buruetako batek esan du kazetariarekin harremanetan izan diren pertsona guztiak ikertuko dituztela. Halaber, iragarri du Aktuality.sk hedabideko kazetari batzuk babestuko dituztela.

Mugarik Gabeko Kazetariek irmoki salatu dute Eslovakiako kazetariaren hilketa, eta autoritateek hiltzaileak zigor ditzaten eskatu dute. Azkeneko hamar urteetan, Europako Batasunean kazetari bat hiltzen duten bosgarren aldia da. Azkena iazko urriaren 16an gertatu zen: Daphne Caruana Galizia ikerketa kazetaria hil zuten Maltan.

Lankideen hitz sentituak

Kazetarien elkarteek ez ezik, Europako Batzordeko lehen presidenteorde Frans Timmermansek ere salatu du hilketa: «Demokraziek ezin dute biziraun prentsa askatasunik gabe. Horregatik, kazetariek errespetua eta babesa merezi dute», esan du.

Bestetik, mezu pertsonal eta sentitua idatzi du Peter Bardyk, Aktuality.sk-ko erredaktore buruak: «Gaur nire bizitzako egunik txarrenetakoa da. Jan Kuciak lankidea hil dute; gizon ona, laguna. Guk hobeto bizitzeko egin zuen lan, bidegabekeriak aurkitzeko, baina ez ospetsu edo aberats egiteko». Oroitu du joan den asteazkenean harekin egon zela barrez, erredakzioan. «Egin zuen kazetaritza aitortuz, haren bidea jarraitzea zor diogu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna