Elkarrekin Podemosek EITB «demokratizatzea» proposatu du

Koalizioak eskatu du administrazio kontseiluaren kontrol lana areagotzeko; ez du babesik izan

EITBren erreformarako lantaldea, iazko martxoan. «Ezer gutxi egin du», kritikatu du Elkarrekin Podemosek. J. F. / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemos koalizioak lege proposamen bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, EITBren Sorrera Legea aldatu eta administrazio kontseilua EITBko zuzendaritza kontrolatzeko eta ikuskatzeko «benetako erakunde» bihurtzeko. Atzo bozkatu zuten lege proposamena, eta ez zuen babesik jaso —aurka bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, eta PP abstenitu egin zen—. Ñabardura ezberdinekin, baina taldeek Elkarrekin Podemosi esan zioten legebiltzarrean badagoela lantalde bat, erakundearen erreformari aurre egiteko. Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, berriz, esan zuen beren proposamena bateragarria dela lantaldearekin: «Lantaldeak ezer gutxi egin du orain arte». Koalizioak erakunde publikoa «demokratizatzea» proposatu du, eta administrazio kontseilua ez dadila eskumenik gabeko organo bat izan, «orain arte bezala».

Aranaren iritziz, EITB Sortzeko Legeak administrazio kontseiluko kideei ematen dizkien eskumenak ez dira nahikoak. «Jakin dugunez, erantzunik gabe geratzen dira kontseiluko kideek egindako galderetako asko, eta EITBko zuzendaritzak uko egiten dio informazioa idatziz emateari», kritikatu du legebiltzarkideak. Elkarrekin Podemosek proposatu du lanerako ahalmen handiagoa jartzea administrazio kontseiluko kideen esku, «beren kontrol zeregina garatzeko, garrantzitsutzat jotzen dituzten gaiak eztabaidatu ahal izateko gardentasunaren, zerbitzu publikoaren eta gobernu onaren printzipioak betez».

Aranaren ustez, ez dago aitzakiarik EITBk kudeaketa, gardentasun eta gobernantza alorretan dauzkan «arazo larriei» heldu gabe jarraitzeko. «Lege aldaketa txiki horri uko egiteak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzako alderdiak ez duela inolako borondaterik balio handiko tresna bat administrazio kontseiluko kideen esku jartzeko». EITBko administrazio kontseilua «apaingarri hutsa» da gaur egun, Aranaren aburuz: «Ez du ezertarako balio».

EAJren erantzuna

Lege aldaketaren inguruko eztabaidan, EAJko legebiltzarkide Ana Oregik Elkarrekin Podemosi leporatu zion ez izatea lanerako batere gogorik EITBren erreforma adosteko. «Gerra nahi duzue, gerra besterik ez. Baina gerra zaharkituta dago, eta ezberdinen arteko talde lanik gabe ezinezkoa da gaur egungo ereduak aldatzea», esan zuen Oregik.

PSE-EEko legebiltzarkide Rafaela Romerok ukatu egin zuen administrazio kontseilua «apaingarri hutsa» denik, eta defendatu egin zuen legebiltzarreko lantaldearen lana.

EH Bilduko Unai Urruzunok esan zuen eztabaidan «etorkizunari» begiratu behar zaiola, «EITBk behar duen norabide aldaketan hausnarketa integrala egiteko».

PPko Nerea Llanosen ustez, euskal irrati telebista publikoak «aldaketa sakona» behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.