Galiziako telebistak sexu erasoak prebenitzeko neurriak iragarri ditu

CRTVGko presidenteak esan du sexu eraso bat gertatu dela; taldeak protokolo bat sustatuko du

Alfonso Sanchez Izquierdo, Galiziako irrati-telebista publikoko presidentea. LAVANDEIRA / EFE.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, Iria Pinheiro aktore galiziarrak salaketa bat jarri zuen epaitegian, TVGko Con amor e compañía saioaren zuzendariak sexualki jazarri ziola adieraziz. Aktoreak esan zuen saioaren zuzendariaren etengabeko jazarpenak antsietatea eragin ziola. Galiziako aktoreen elkarteak babesa eman zion Pinheirori, eta salaketa egiteagatik izandako ausardia nabarmendu zuen. Martxotik ekainera aritu zen aktorea saioan, iaz, lana utzi zuen arte, eta jasandako erasoak ekoizle buruari eta aurkezle nagusiari jakinarazi zizkion.

Salaketa komunikabideetan zabaldu zen, eta Galiziako Parlamentuko oposizioko taldeek CRTVGko presidente Alfonso Sanchez Izquierdoren agerraldia eskatu zuten. Irrati-telebista publiko galiziarren presidenteak ez du Pinheiroren kasuaz hitz egin. Aldiz, azaldu du sexu erasoen kasu baten berri duela, eta ez duela loturarik Pinheiroren salaketarekin. Sanchez Izquierdok nabarmendu du sexu eraso horren soslaia ezberdina dela, eta salatutako pertsonak ez duela kontraturik TVGrekin. Behin-behinean, talde publikoak erabaki du lanik ez egitea salatutako pertsonarekin lotura duten ekoizpenekin.

CRTVGko presidenteak iragarri du protokolo bat sustatuko duela sexu erasoak eta eraso moralak prebenitzeko. Sindikatu guztiei emango diete protokoloaren berri. Protokoloaren arabera, langileen oinarrizko eskubideak defendatuko dira, bereziki genero berdintasunarekin eta diskriminazioekin lotura dutenak. Era berean, lan arriskuak —fisikoak eta psikosozialak— aintzat hartuko dituzte. Protokoloan klausula zehatzak egongo dira, delituak prebenitzeko eta oinarri etikoak behatzea ezartzeko, bai taldean bai kontratatutako enpresetan.

CRTVGk beste prebentzio erabaki batzuk ditu hartuak: Genero Indarkeriaren Galiziako Behategiaren parte da, eta Publizitate Ez Sexistako Aholkularitza Batzordean parte hartzen du. CRTVGko administrazio kontseiluan arauen atal bat dago emakumeen irudiari eskainia, eta berdintasun batzorde bat ere bada bertan.

EITB taldeko protokoloa

FORTA federazioko prebentzio markoaren barruan ari dira garatzen Galiziako barne protokoloa. Federazio horretako parte da EITB, eta Euskal Irrati Telebistako enpresetan ere badute laneko jazarpen aurreko protokola —Hego Euskal Herriko enpresa askoren parekoa—. Testuaren arabera, EITBko enpresek pertsonen duintasunari zor zaion errespetua eta pertsonek berezkoak dituzten eskubide ezin bortxatuzkoak babestea dute oinarrizko printzipiotzat. Protokoloak laneko jazarpen baten aurka nola jardun jasotzen du. Laneko jazarpen psikologikoa, sexu jazarpena eta jazarpen sexista bereizten eta zehazten dira. Jazarpena jasan duen langilearen osasunaren babes egokia bermatzeko, EITBk neurriak hartu behar ditu; laguntza psikologikoa, langilea erabat osa dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.